Izaki bizidun batzuk hain txikiak direnez, ezin ditugu begi hutsez ikusi , eta mikroskopioa erabili behar dugu ikusi ahal izateko. Izaki bizidun horiek izaki bizidun soilenak dira, eta multzo heterogeneoa osatzen dute: mikroorganismoen multzoa.
XVII. mendera arte ezin izan ziren ikusi lehen mikroorganismoak, baina mikroorganismoek eragindako prozesu batzuk, hala nola elikagai batzuen eraldaketa, antzinatik ezagunak dira. Antonie van Leeuwenhoek holandarra izan zen mikroorganismoen lehen behaketa zehatzak egin zituena. Leeuwenhoekek berak egindako mikroskopio bakunak- lente bakarrekoak- erabili zituen bere behaketetan eta “animalkulu” izena jarri zien aurkitutako izaki bizidun anitz eta txiki horiek.
Leeuwenhoeken mikroskopioa
Mikroorganismoen multzoan, monera, protista, onddo erreinuko izakiak eta birusak ditugu.
Mikroorganismo guztiak kaltegarriak edo patogenoak ez diren arren, askotan horiek dira, hain zuzen ere, ezagunenak. Horrela, bakterio batzuek gaixotasun ezagunak eragiten dituzte: salmonellosia, tuberkulosia, meningitisa...; protozoo batzuek oso gaixotasun larriak eragiten dituzte: malaria, disenteria...; birusak parasitoak dira beti eta eragindako gaixotasunen artean ditugu, besteak beste, gripea, baztanga eta HIESa.