Plaken tektonikoaren teoria 1.968an adierazi zen, zientzietako adar desberdineko ikertzaileek emandako datuei esker: geologo, geofisikoak, kartografoak, paleontologoak, eta abar ...
Teoria hau funtsezko hiru kontzeptutan oinarritzen da:
• Litosfera
• Plaka litosferiko edo tektonikoak
• Hondo ozeanikoaren etengabeko berriztapena
Funtsean, teoria globalizatzaile honen baieztapenik garrantzitsuenak hurrengoak dira:
- Litosfera, zati desberdinetan zatituta dago; zati bakoitza, Plaka Litosferiko bat da.
- Plaka Litosferikoak desberdinak dira: tamainagatik (handiak, txikiak, ertainak), izaera eta osaerarengatik (ozeanikoak dentsoagoak, basaltikoak. Kontinentalak dentsitate txikiagoarekin eta granitikoak. Plaka mistoak, litosfera kontinentala eta ozeanikoa dute.) eta lodierarengatik (ozeanikoak meheagoak kontinentalak baino).
- Plaka Litosferikoak higitzen ari dira; Mantuko konbekzioa eta grabitatea dira plaka litosferikoen higiduraren eragileak. Banantzerakoan plakek ozeano berriak sortzen dituzte eta hondo ozeanikoaren hedapena eragiten dute; hurbiltzean, berriz, talka egiten dute eta mendikate berriak altxatzen dira. Plaken mugimendua ikaragarri motela da, urteko zentimetro batzuk.
- Litosfera ozeanikoa etengabe sortzen da dortsal ozeanikoetan eta hobi ozeanikoetan suntsitzen da.
- Jarduera geologiko gehienak (lurrikarak, sumendiak, orogenoak eta harrien deformazioak) plaken arteko ertzetan gertatzen dira. Plaken barruko jarduera geologikoa (intraplaka) urriagoa da.
- Aldameneko bi plaka hainbat eratan mugi daitezke haien artean : bananduz, hurbilduz edo alboka irristatuz. Mugimenduaren arabera, plaken ertzak hiru mota desberdinetakoak dira:
- Eraikitzaileak (dibergenteak). Banandutako bi plaken arteko muga osatzen dute, eta bertan dortsalak daude. Horietan litosfera ozeaniko berria sortzen da mantuko materiala igotzean.
- Suntsitzaileak(Konbergenteak).Batu egiten diren bi plaken arteko muga osatzen dute. Halako kasuetan, plaketariko bat bestearen azpian sartzen da; hori mantuan hondoratzen da, hau da, litosfera suntsitzen da.
- Pasiboak(eraldatzaileak): Alboko mugimendua duten ertzak. Norabide berean. baina elkarren aurkako noranzkoan mugitzen diren bi plaken ertzak dira. Horietan ez da litosferarik sortzen edo suntsitzen.