14 Espiritu Santuak Eliza osoari eragiten dio

Liburuaren 2. gaia, “Jesusen Eliza gara” gaia, lantzean esaten genuen bezala, Eliza ulertzeko moduari, Eliza bizitzeko moduari eta elizkide izateari dagokionez, Elizak maila desberdinak ditu: Eliza osoa, hau da, munduan zabaldua dagoen Jainkoaren herria; tokian tokiko Eliza edo elizbarrutia; eta parrokia, hau da, gure inguruko elkartea, horretan bizi baitugu egunero geure sinesmena.

MEZUA

Herrialde eta kultura desberdinetako gizon-emakumeez osatua zegoen kristau-elkartearengana Espiritu Santua etorri zen.

Espiritu Santuak Elizari eragiten dio eta Bera da mundu osoko pertsonek osatzen duen kristau-elkartearentzat batasun-, elkartasun- eta bizi-iturria.

HELBURUAK

· Espiritu Santuak eraginik, Jesusen Eliza mundu osoan zabaldua dagoela jakitea.

· Munduan zabaldua dagoen Jesusen Eliza horren kide garelako pozik gaudela azaldu eta Jainkoari eskerrak ematea.

Jaunaren Hitza

(…) Egun haietan judu jainkozale asko zen Jerusalemen, eguzkiaren azpian diren nazio guztietatik etorria; txunditurik zen jendea, nork bere hizkuntzan hitz egiten entzuten baitzien. Zur eta lur, honela zioten: “Mintzo direnok ez al dira denak galilearrak? Nola daiteke, bada, gutako bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzan horiei entzutea? Baditugu geurekin herrialde ezberdin askotatik etorriak eta denok Jainkoaren egintza miragarriak geure hizkuntzetan aipatzen entzuten diegu”. Harriturik eta zer pentsa ez zekitela, galdetzen zuten: “Zer da hau?”.

Eginak 2, 1-12

Haurraren liburuko 103. orrialdean, dator Pentekosteko gertaeraren kontaera. Hori irakurri ondoren, Jesusek bere ikasleak Ebanjelioa hots egitera bidali zituela kontatzen duen ebanjelio-zatia oroitaraziko die katekistak, Ebanjelioa herri guztietan zabaltzera Jesusek bere ikasleak bidaliak zituela azalduz; baina Espiritu Santua hartzean ulertu zutela Jesusen agindua eta indarra hartu zutela agindu hori betetzeko. Mundu osoko pertsonek, arraza eta hizkuntza guztietako pertsonek, hartzen dute Jesusen ikasle izateko deia. Espiritu Santuaren egitez, pertsona horiek beren mintzairan “ulertzen dute” Jesusen mezua.

104. eta 105. orrialdeetan

Margotu ditzatela haurrek hizkiak margo desberdinez, mundu osoko Eliza arraza eta kultura askotako gizon-emakumeek osatzen dugula adierazteko. Halaber, Elizaren presentzia kontinente desberdinetan agertzen duten argazkiak bilatu eta ebakitzeko eskatu ahal zaie umeei.

105. orrialdean esaldi bat ageri da. Beltzez dauden hitzak dagokien tokian sartuz, esaldia osatu behar dute haurrek.

Ebanjelioa mundu Jainkoaren jarraitzaileok Eliza Espiritu

............................Jesusen............................osatzen dugun familia handia da. Eliza .......................... herri berria da, ......................... Santuak eragina. Herri hau Aitarengana doa, ........................... osoko gizon eta emakumeei Jesusen ........................ hots eginez.

Zatoz, Espiritu Santua,

Indartu gure bihotzak,

Piztu guregan zure maitasunaren sua!

Zatoz, kristoren Espiritua,

Egiozu gizon-emakume guztiak

Jainkoaren Herri santuko kide egin daitezela!

Ez gaitzala ezerk bata besteagandik aldendu, ez hitz egiten dugun mintzairak, ez larru-koloreak, denok Aita beraren seme-alabak baikara.