07 Hau da nire familia

Jaungoikoak seme bezala bihotzez maite gaitu guztiok. Aita da Jainkoaren izena

Biziki sumatzen du haurrak familiaren esperientzia. Alai eta lasai bizitzen laguntzen dioten maitasuna, zaletasuna eta samurtasuna etxean aurkitzen ditu. Sendian bizi ditu guraso, senide eta aitona-amonen arreta eta axola gozoak. Denek maite dute eta denek erakusten diote euren maitasuna. Haurrek ere hamaika modutan erakusten eta adierazten diete etxekoei euren zaletasuna. Maitasunezko harreman samur eta gozo hauetan, pozik bizi dira neska-mutikoak, pozik euren buruarekin eta pozik besteekin.

MEZUA

Dohainik eta musu-truk jaso eta ematen dugu maitasuna familian. Zoragarria da familia izatea; hamaika modutan zaintzen gaituzte familian. Guri deitzeko, izena ipini ziguten gurasoek.

Gure izenez ezagutzen gaitu Jainkoak, eta aitak maite gaituen legez maite gaitu, neurrigabeko maitasunez. Izan ere, AITA da Jainkoaren izena guretzat. Horregatik uste on osoz jo dezakegu Berarengana. Etxekoa dugu. Beti begi onez begiratzen digu.

HELBURUAK

· Poza adierazi onartzen, maitatzen eta babesten gaituen familia badugulako.

  • Izena izatearen poza adierazi.

  • Jaungoikoa Aita dugula ezagutzera iritsi, maite gaituen eta zaintzen gaituen Aita.

Elkarrizketa

  1. Zergatik jarri zizuten daramazun izena?

  2. Ba al dakizue zer esan nahi duen izen horrek? Nondik dator izen hori?

  3. Nola azaltzen dizuete beren maitasuna guraso, senide, aitona-amonek?

  4. Nola zaintzen zaituzte?

  5. Nola erakusten diezue maitasuna zuen guraso, senide, aitona-amonei?

Haurraren liburua zabaldu

  • 32. orrialdeko irudiari begirada botako diote haurrek. Bertan esaldi hau irakur daiteke: “Hau da nire familia”. Berehala konturatuko dira etxeko egongela dela. Ez dago inor oraindik bertan. Hurrengo orrialdean adin ezberdinetako pertsonak ikus daitezke, jarrera ezberdinetan ageri diren pertsonak: eserita, zutik, katamar… Beren familietako kideak izan daitezkeenak aukeratu behar dituzte haurrek. Horretarako, puntuen lerroari jarraituz, orrialdea moztuko dute; gero, aukeratutako irudiak moztu eta 32. orrialdean jarriko dituzte erantsita, bakoitza bere tokian. Horrela haur bakoitzak bere familia osatuko du.

  • Haurrenganako maitasuna agertzen duten pertsona batzuk ikus ditzakegu 33. orrialdeko irudietan. Esaldi hau irakur daiteke: “Asko maite naute”. Haurrek irudiak aztertzen dituzte, maitasunaren ezaugarri diren irudiak.

  • 34. orrialdean haurren ardura duten pertsonen ekintzak ikus daitezke. Esaldi hau dago idatzita: “zaindu egiten naute”. Haurrek ikusten dutenaren berri ematen dute. Aitonari maitasuna erakusten dion haurra ikusten dugu 34. orrialdeko azken irudian. Haurrek irudiaren esanahia azalduz, esango dute beraiek horrelakorik egiten duten ala ez, eta irudia margotuko dute.

HITZIK ONENA

Asmo hau dugu hemen: haurrak iritsi daitezela Jainkoa familiakoa dugula ezagutzera, zaintzen gaituen Aita Ama dugula. Oseas 11,1, 3-4 aukeratu dugu. Pasarte horretan, Israel haurra zaintzen duen aita samurraren modura agertzen zaigu Jainkoa.

“Israel haur zela maite izan nuen eta Egiptotik ateratzeko dei egin nion neure semeari. Nik erakutsi nion oinez Efraimi, besoetan eraman nuen. Hala ere, ez ziren ohartu nik nituela zaintzen. Amodio-lokarriz erakartzen nituen, maitasun-loturaz. Haurtxoa musuraino jasotzen duenaren antzeko nintzen haientzat: makurtu eta jaten ematen nion.”

· Jesusek 12 urte zituenean gertatua adierazten digute 36 eta 37. orrialdeetako irudiek. Jesusek Jerusalenera eginiko bidaia kontatzen da. Etxera itzultzeko garaia iritsi zenean, tenpluan geratzen da Jesus, Maria eta Jose konturatu gabe. Galdu dutela konturatzean, jendeari galdezka ari dira. Inork ez daki ezer. Jerusalenera itzultzen dira eta han aurkitzen dute lege maisuen erdian. Nola gelditu den Jerusalenen ezer esan gabe galdetzen diote Mariak eta Josek. Jesusek honela erantzuten die: “Ez al zenekiten nik nire AITAREN etxean egon behar nuela?”. Maria, Jose eta Jesus Nazaretera itzultzen dira. Irudi hori marraztu egingo dute haurrek.

  • 38. orrialdean, esaldi hau ikus daiteke: “Aita da Jainkoaren izena”. Esaldia txukun margotuko dute haurrek.

AITA AMA da Jainkoaren izena