03 Jesusek dei egiten die ikasleei

Neskato eta mutikoek badakite zer garrantzitsua den taldean sartuta egotearen esperientzia, bertako kide izatearen esperientzia, edozein ekintza egiteko talde bateko kide aukeratua izatearen esperientzia. Jesusek, ikasle batzuk bide lagun eta kide izateko aukeratu zituen bezala, gaur ere dei egiten digu berari jarrai diezaiogun ikasle berri bezala, adiskide bezala.

MEZUA

Jesusek dei egiten digu bere adiskideen taldeko kide bihur gaitezen.

HELBURUAK

  • Jesusek bere ikasleei dei egiten diela eta beraiekin talde bat osatzen duela ikusi.

  • Gaur ere, bere adiskideen taldeko kide izateko deia luzatzen digula sentitu.

Ebanjelioetako kontakizuna

Jesusek, Galileako laku-bazterrean zehar zihoala, Simon eta honen anaia Andres ikusi zituen sareak uretara botatzen, arrantzaleak baitziren. Jesusek esan zien:

-Zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet.

Haiek, besterik gabe, sareak utzi eta jarraitu egin zioten.

Aurreraxeago, Santiago eta Joan anaiak, Zebedeoren semeak, ikusi zituen; sare-konponketan ari ziren beren ontzian. Ikusi bezain laster, dei egin zien. Haiek, beren aita Zebedeo eta mutilak ontzian utzirik, Jesusen ondoren abiatu ziren.

Markos 1, 16-20

Giza arrantzaleak egingo zaituztet

Barneratzea

· Katekistak alderdi hauek azpimarratuko ditu: Jesusek gizon jakin batzuei dei egiten diela, bakoitzari bere izenez deitzen diola, eta, irakasten eta Aita Jainkoaz hitz egiten dien bitartean, berari jarraitzen dion taldea osatzen duela.

  • Gaur ere, Jesusek, gure garaiko gizon eta emakumeei dei egiten die bere ikasle izan daitezen. Geuri ere dei egiten digu hobeto ezagutu eta bere bizitzeko era geuregana dezagun; Jesusek bere adiskideen taldekoak izan gaitezela nahi du. 21. orrialdean.

  • Lagun bakoitzak era batera jarraitzen diola Jesusi adieraziko diegu haurrei; izan ere, desberdinak gara. Bizitzan bakoitzak gauza batzuk egiten ditu, baina besteen bizitzarako garrantzitsuak direnak. Ezin gara besteak kontuan hartu gabe bizi, elkarren beharra dugu. Gogora diezaiegun haurrei zein taldetan parte hartzen duten eta taldean bizitzea eta jardutea zein garrantzitsua den.

· Jesusen adiskideok, bere ikasleok ere, taldea osatzen dugu eta elkarren beharra dugu eta elkarri lagundu behar diogu.

Koadernoko ariketak

· 20. orrialdean, lehen ikasleei zuzendutako deiaren inguruko kontakizunaren bi ariketa osagarri proposatzen dira.

  1. erantzuteko itaunek xehetasunez jabetzeko eta testua berrikusteko balio diete haurrei;

  2. sarean agertzen den “hizki-salda”k, irakurgaiko pertsonaien izenak aurkitzeko (Simon, Andres, Santiago, Juan eta Zebedeo)eta izen horiek ikasteko balio dezake.

· 21. orrialdean, haur bakoitzak hutsuneetan jar dezake bere izena eta adiskide batzuena. Koloreztatu Jesusen irudia.

· 22. orrialdean, haurrak marrazkiko pertsonaiaren batekin identifikatuko dira eta zergatia azalduko dute. Taldean komentatuko dugu bakoitzak zer egiten duen eta ekintza guztiek, nahiz eta desberdinak izan, elkar osatzen dutela. Marrazkiko pertsonaia batzuk koloreztatu ditzakete.

Egiteko

Jesusen taldeko kide izan nahi dutela adierazteko aukera emango dieten ariketak proposatuko dizkiegu haurrei. Adibidez:

  • Lagun bakoitzari bere izenez deitu

  • Berehala erantzun norbaitek dei egiten digunean.

  • Katekesian Jesus ezagutzeko gogoa erakutsi.

  • Katekesian Jesusi buruz ikasi dugunaz hitz egin.