13 Nire ondoan dut beti

“Jauna dut artzain, ez naiz ezeren beharrean”

Leku askotara norbait lagun dutela joatea izaten dute haurrek gogoko. “Nork eramaten zaitu”? “Norekin zoaz”?; horra hor, askotan batak besteari haurrek egiten dizkioten galderak. Esan ere honela esan ohi dute: “Halako lekura halakoarekin joan nintzen”. Haurrari segurtasuna ematen dio maite dituenak eta maite dutenak bidean izateak. Zenbait unetan, bera ere bidelagun zaie besteei.

Beti gurekin datorren eta gure bide guztietan lagun dugun Aita Jainkoaren bizipena edo esperientzia oinarrizkoa da fede-bizitzan. Sentimenen esparru edo sailari lotua dago gai hau, Jainkoa gure ondoan “sentitzearen” poza adieraztea baita gaiaren helburua, gu zainduz eta guri lagunduz gurekin doan Jainkoaren hurbiltasun pozgarria sentitzea, alegia.

MEZUA

Guztioi –haur, gazte eta helduoi– gustatzen zaigu maite ditugun pertsonak gurekin etortzea leku askotara; era berean, gogoko dute besteek ere gu beraiekin joan eta haien ondoan izatea.

Jainkoak ez du nahi gu bizitzan zehar bakarrik ibiltzerik. Gurekin dator Bera, eta lagun dugu bide eta gorabehera guztietan.

HELBURUAK

  • Besteak gure bidelagun eta gu besteen bidelagun izatearen poza azaldu.

  • Gure ondoan dugun eta beti lagun datorkigun Jainkoaren hurbiltasuna sentitu.

Elkarrizketa

  1. Zenbat leku desberdinetara joan zarete gaur?

  2. Norekin joan zarete leku horietara?

  3. Gaixorik zaudetenean bakarrik joaten zarete sendagilearengana? Norekin?

  4. Laguntza behar duzue gauzak egiteko edo denak zuek bakarrik egiten dituzue?

Orain haurraren liburua zabaldu

  • Laguntasunaren gaia azpimarratzen duten irudiak ikusten dira 76 eta 77. orrialdeetan. Hor ageri dira ibiltzeko laguna behar dutenak; hor ageri da oinez edota bizikletan ibiltzen ikasteko laguna duen haurra. Ikastolara, ibilaldira, jantziak erostera, sendagilearengana joateko laguna duten haurrak ere ikus daitezke. Haurrek irudiak astiro ikusi, eta ikusitakoaren berri ematen dute. Margotu egiten dute margotu gabe dagoen irudia.

  • Haurren bizitzako zenbait egoera azaltzen duten irudiak ikus daitezke 78 eta 79. orrialdeetan. “Beti ondoan dut” esaldia dago idatzita. Haurrek irudi horien deskribapena egiten dute. Katekistak haurrei esaten die Jaungoikoa gure ondoan dugula bizitzako une guztietan. Haurrek 79. orrialdean prestatutako lerroetan aurkituko dute aurretik ikusi dituzten irudiei buruzko esaldiak. Marraztu eta margotzeko tokia ere aurkituko dute orrialdean.

  • 80. orrialdea margotuko dute.

HITZIK ONENA

Katekistak haurrei esango die Biblian salmo izeneko otoitz batzuk aurki ditzakegula. Otoitz horien bitartez, holako eta halako sentipenak azaltzen dizkiote Jainkoari zenbait gizon-emakumek: batzuetan, bere nahigabeak kontatzen dizkiote; bestetan, eskerrak ematen; une jakin batzuetarako laguntza ere eskatzen diote. Horietako otoitz batean, alaitasuna eta poza azaltzen ditu Jainkoarengana jo duenak. Katekistak 23. salmoko txatal batzuk irakurriko ditu:

“Jauna dut artzain; ez naiz ezeren beharrean.

Larre guritan etzanarazten nau,

ur baretara eramaten eta indarrak berritzen;

bide egokitik narama, leiala delako.

Ibar beltz-ilunetan banabil ere, ez dut inolako gaitzen beldurrik,

Zu nirekin baitzaude. Zure ontasun-maitasuna lagun datorkit

nire bizitzako egun guztietan.”

Egiteko zeozer: norbaitek etxean, eskolan edo beste nonbaiten, hara edo hona joateko esaten digunean, gogo onez joan.