17 Festa dugu bizitza!

Jai zoragarria Jainko Aitarekin eta senideekin.

Ez galdu!

Guztiei zaigu atsegin jai egitea. Txiki eta handi, denok gabiltza pozik jaietan; zorioneko gara, eta jaiak luzatzea nahi izaten dugu. Maiz ditugu mintzagai jaiak, eta egun horien zain egon ohi gara. Poz-giroa arnasten da jaietan; alai dabil jendea, irribarrea ezpainetan. Nahi baino azkarrago amaitzen dira jaiak. Sarri entzun ohi da: “Bai motz egin zaidala!”. Inor ez da aspertzen. Jaietan, adiskideak adiskideago eta bihotzak samurrago. Jendea beti dago prest etxeko, lagunarteko, auzoko, edota herriko jaiak antolatzen laguntzeko.

MEZUA

Guztiok zorioneko, alai eta pozik bizitzeko sortu gaitu Jainkoak, senide egiten gaituen Aitaren maitasuna ospatuz. Bizitza honetan eginkizunak bete ondoren, Jainkoaren etxean, zeruan, amaierarik gabeko festa izango dugu.

Bizitzako egoera guztiak ez dira politak, atseginak eta errazak izaten; une zail horietan ere bihotz alaiz eta okerrago daudenei lagunduz bizi gaitezke.

Astegunetan ere bizi gaitezke “jai-giroan”, jaieguna izan gabe. Bestei zorioneko izaten laguntzea da “jai-giroan” bizitzea.

HELBURUAK

· Giza bizitza seme-alabok gure Aita Jainkoarekin egiten dugun jaia dela ulertu.

· Eguneroko lan eta eginbeharrak gogo onez eta aurpegi alaiz bete.

· Etxekoei, adiskideei, ikaskideei zorioneko izaten lagundu.

Elkarrizketa

1. Edozein egun arruntetan, zoriontasun eta alaitasunaren zer seinale edo ezaugarri agertzen du jendeak?

2. Berdin izan al gaitezke zoriontsu astegunean eta jaiegunean?

3. Abestu, barre egin, maitatu, elkarbanatu, lagundu... gauza horiek edozein egun arruntetan egin al ditzakegu?

4. Jainkoaren maitasuna pozez sumatu eta adierazi dezakegu egunero?

5. Gai al gara besteak zorioneko egiteko, besteei pozik eta alai bizitzen laguntzeko?

Orain haurraren liburua zabaldu

· 101. orrialdean, zoriona eta alaitasuna nabari duen haur-taldea ikus daiteke. Arraza desberdinetako haurrak dira; hor dago hankan igeltsua duen haurra, pozik eta alai hori ere. Han, barrenean, su-festa ikusten da. Esaldi hau irakur daiteke: “Festa dugu bizitza!”

· Tolesgarria dugu 102. orrialdea, eta jaiak ospatzen ari diren jende-taldeen irudiak eskaintzen dizkigu. Katekistaren laguntzaz, orrialdean agertzen diren irudien azalpena egingo dute haurrek, jaiarekin zerikusia duten jarduera horien deskribapena. Bakarrik joan ezin dutenei laguntzera joan direnak ere badira hor; haurrak horiei begira jarriko ditu katekistak.

· 103. orrialdean gauzatxoren bat edo beste izan ezik, beste guztia margotu gabe dago. Haurrek asmatu egin behar dute margotuak dauden horiek non ageri diren orrialde tolesgarrian. Gero margotu egingo dute orrialde osoa.

· 106. orrialdean ikusten den taparen barruan beren burua marraztu eta margotzeko aukera eskaintzen zaie haurrei. Besteei nola lagunduko dien eta besteak nola poztuko diren azalduko dute marrazki horien bidez.

HITZIK ONENA

Katekistak haurrei esango die Paulo izeneko Jesusen lagunak gutuna idatzi ziola kristau-talde bati orain dela urte asko; beti pozik egon behar zutela gogorarazten zien gutunean.

“Zaudete beti pozik Jaunarengan; berriro diotsuet, zaudete pozik. Ezaguna izan bedi gizon-emakume guztientzat zuen bihotz-zabala.”

ELKAR BANATU