14 Jesusek apostoluak bidaltzen ditu bataiatzera eta ikasleak egitera

Adin honetako neskato eta mutikoak jaio eta hilabete batzuetara bataiatu zituzten eta dagoeneko ez daukate gertaera haren erreferentziarik. Baina adin honetan badute sinbolo eta zeinuetan ikusten dena baino errealitate sakonago eta ezkutu horretaz jabetzeko nolabaiteko gaitasuna. Gaitasun hori Bataioaren sakramentu zeinuari ezarri behar diogu, haurren adimena haren esanahiaren misteriozko errealitatera zabaltzeko.

Jesusen Bataioa: Hau da nire seme maitea, Entzuiozue!

MEZUA

Bataioaren sakramentuak Jesusekin elkartzen gaitu, Jainkoaren eta Elizaren seme-alaba bihurtuz.

HELBURUAK

· Gure bataioaren bidez Jesusekin elkartuta gaudela eta Elizako kide garela ikusi.

· Gure bataioko konpromisoak berritu.

Gure esperientzia

- Badakite noiz bataiatu zituzten? Non?.....

- Parte hartu dute inoiz bataioaren ospakizunen batean?

- Zer da bataioa? Zer egiten eta esaten da bataioan?

Itun Berriko kontakizuna

Jesus, hurbildurik, honela mintzatu zitzaien: “Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuz eta nik agindu dizuedan guztia betetzen irakatsiz”. Mateo 28,18-19

Apostoluen predikua entzutean, jendeak hau galdetzen zuen: “Zer egin behar dugu?”, eta haiek erantzuten zuten: “Bihozberri zaitezte eta bataiatu guztiok, bekatuak barka dakizkizuen, eta Espiritu Santua hartuko duzue dohain.

Hitz hauek onartzen zituztenek bataioa hartzen zuten eta Jesusen ikasleen taldeko kide bihurtzen ziren. Egun haietan hiru mila lagun inguru elkartu zitzaien.

Apostoluen Eginak 2, 37-38. 41

Zoazte munduan zehar eta Ebanjelioa iragarri mundu zabalean.

Zentzuaz jabetzen lagunduko diegu:

Hasieran apostoluek Jesusen agindua bete zuten, irakatsi eta bataiatuz eta ikasleak eginez.

Era berean, bataiatu guztiek Espiritu Santua jasotzen dute, Jesusengana bihurtu, eta Elizako, Jesusen ikasleen taldeko, kide egiten dira.

Koadernoko ariketak

· Koadernoko 102. orrialdeko irudiei begira, bertan zer azaltzen den galdetuko diegu neskato-mutikoei. Gero, ikusitako irudien azalpen batzuk orrialde horretan idazteko esango diegu haurrei.

· 103. orrialdeko marrazkiak taldeko neskato eta mutiko bakoitzaren Bataioa irudikatzen du. Azter dezagun, bertan agertzen diren pertsonaiei buruzko galderak eginez: Nor ote da hau? Eta beste hori?... Ondoren, orrialde horretako datuak betetzeko proposatuko diegu haurrei (ariketa hau, jakina, etxean osatu beharko dute, etxekoen laguntzarekin).

· Haurrek 104. orrialdeko galderei erantzungo diete eta marrazkia koloreztatu egingo dute. Marrazki horretan, Bataioko Agintzarien Berriztapen Ospakizunaren prestaketa lanak irudikatzen dira.