04 Jauna, gure jauna, bai miragarria dela zure izena

Zenbat gauza egin dezakegun gizakiok! Eskerrik asko, Jainko Aita.

Oso zabala dugu gai hau, giza jardueraren eremua zabala baita. Haurrak patxadaz heldu behar dio gai honi, presarik gabe, Jainkoak bere lankide izateko eskaintzen digun aukeraz ondo jabetzeko.

MEZUA

Gizon-emakumeok gure lanaren bidez gauza asko egiteko gai gara; Jainkoak eman digu gaitasun hori. Gu haren lankide izan nahi du, mundua gero eta ederrago eta bizitzeko egokiago bihurtuz, bertan zoriontsu bizitzeko eta besteei zoriona zabaltzeko. Munduak giza jarduerari esker aurrera egiten du.

HELBURUAK

  • Jainkoaren lankide bezala gizakiok egiten dugunaren aurrean, harridurarako gaitasuna esnatu guregan.

  • Jainkoari eskerrak eman, gauza asko egiteko ahalmena eman digulako.

Elkarrizketa

  1. Gizakiek egiten dituzten lanetatik, zeintzuk zaizkizu aipagarrienak?

  2. Zer lan egiten dute zuen gurasoek?

  3. Zer da zuek egin nahiko zenuketena?

  4. Ezagutzen al duzu herri honetan lantegirik? Zer egiten dute bertan?

  5. Daramatzazun soineko eta oinetakoak nork eginak dira?

  6. Zer gertatuko litzateke gizakiekin, ezer egiteko gai izango ez balira?

Haurraren liburua zabaldu

· Haurraren liburuko 16. orrialdea tolesgarria da. Orrialde hori zabalduz gero, giza jardueraren era askotako emaitzak ikus ditzakegu. Orrialdearen buruan hau esaten da: “Jauna, gure Jauna, bai miragarria dela zure izena”. Aurrena, isilean begiratu, eta gero irudian ageri diren lanen izenak esango dituzte haurrek, gizakiaren jardueraren emaitza diren lanen izenak: etxeak, hegazkina, itsasontzia etab.

· Gurasoak haurrei esango die munduan ez direla beti izan ikastetxeak, etxeak, ospitaleak, supermerkatuak, hegazkinak, autobusak, liburuak, boligrafoak, etab. Garai batean kobazulotan bizi ziren gizakiak, ehiza eta arrantza eginez. Poliki-poliki gizateriak aurrera egin du. Gogoangarriak dira gizakiak gurpila, sua eta nekazaritza asmatu zituen egunak.

· 17. orrialdean haurrek margotu egingo dute agertzen dena.

· 19. orrialdeko irudian lau ate daude. Haurrek papera moztuko dute, ate bakoitza benetako atea balitz bezala irekitzeko eran. Irekitzean, atzealdean, pertsona bat aurkituko dute bere eginkizunaren ezaugarriarekin eta beste aldean bere lanaren gaia: arrainak, altzariak, oinetakoak, ogia.

HITZIK ONENA

Gurasoak gogora ekartzen du aurreko gaian ikusitakoa: Jainkoak, berak sortutako gizon-emakumeei mundua zaindu eta gidatzeko betebeharra eman ziela. Gauza bakoitza nola egin behar zuten ez zien erakutsi Jainkoak, baina adimena eta sormena eman zien, bere lankide izateko. Jainkoak, gizakia ekinean ikusi nahi du.

Gurasoak 8. salmotik txatal batzuk irakurriko ditu

Jauna gure jauna, bai miragarria zure izena lurbira osoan!

Zure eskuen lana den ortzia, eta han ipini dituzun ilargia eta izarrak.

Ikustean, galde egiten diogu geure buruari: Zer da gizakia, zu hartaz oroitzeko?

Ia-ia, aingeruen pareko egin duzu: lan handiak egiteko gai egin duzu, eta zure izaki guztien ardura ezarri diozu.

OTOITZA

Lurrak,

ematen zaion guztia onartzen du

udako eguzkia,

udazkenean eroritako hostoak...

izotza, elurra, euria.

egunero jasotzen du guztia,

apaltasunez.

Haziak babesten ditu

eta landareak gozoro elikatu.

Jauna, zu eskuzabala eta itxarote onekoa zara, lurra bezala