08 Jesusek bere mahaira gonbidatzen gaitu

Eukaristiari buruzko gai-multzoari hasiera ematen diogu; gai hauek Eukaristian bete-betean parte hartzeko prestatu nahi dute haurra.

Beraz, Eukaristiari buruzko katekesiei begira egindako oinarrizko sarrera bat da gai hau, sakramentu honek dituen alderdi zehatzen azterketa hasi baino lehen. Gure asmoa da haurrek ikus dezaten Eukaristia ospatzea dela funtsean: Jesusek guri –bere elkarteari, bere Elizari– egiten digun gonbitea dela onartzea. Horrela egin zuen dizipuluekin piztuera baino lehen eta ondoren. Erreinuko bazkariaren zeinu eta ezaugarri den mahaia konpartitzeko gonbidapen bat da. Mahai horretan Jainkoak berak senide egiten gaitu eta janaria ematen digu.

MEZUA

Jesusek mahaia konpartitu zuen dizipuluekin gau berezi batean, hil baino lehen, eta haiekin ogia zatitu zuen.

Gauza bera egin zuen piztueraren ondoren. Eta lehenbiziko kristauek “ogi-zatitzea” ospatu zuten Jesusen oroimenez.

Guk gauza bera egiten dugu Eukaristiaren mahaiaren inguruan; horrela, Jesusen gonbidapenari erantzuten diogu: “Egizue hau nire oroigarri”.

HELBURUAK

  • Eukaristiari buruzko ikuspegi orokor batez jabetzea, Jesusengandik datorren gonbidapen gisa ulertuz.

  • Eukaristian parte hartzeko desioa suspertzea, Jesusen jarraitzaile eta Elizaren kideak izateagatik.

Jaunaren Hitza

Jesusek bere bizitzan zehar “Mahaia konpartitu” zuela adierazten duten zenbait pasarte gogoratu ditugu, eta momentu askotan mahaia konpartitu zuela, “bekatariek” egin zizkioten bazkaltzeko gonbiteak onartu zituela. Bazkari horiek adiskidetasuna erakusteaz gain, Jesusek ez zuela inoren adiskidetasuna errefusatzen adierazten dute; “galduta zegoena bilatu eta salbatzera etorri zela”.

Jesusek bere dizipuluekin egindako azken afaria, hil baino lehen egindako agur-afaria, azaltzen zaigu pasarte honetan. Afari horrek, guretzat, kristauontzat, garrantzi handia du; bertan Jesusek esan zuen: “Egizue hau nire oroigarri”.

Ordua etorri zenean, Jesus mahaian jarri zen apostoluekin. Eta esan zien: “Banuen gogoa hil aurretik Bazko-afari hau zuekin egiteko!”.

Gero, ogia hartu zuen eta, eskerronezko otoitza egin ondoren, zatitu eta ikasleei eman zien, esanez: “Hau nire gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nire oroigarri”.

Berdin egin zuen koparekin afal ondoan, esanez: “Kopa hau itun berria da, zuentzat isurtzen den nire odolaz Jainkoak ezarria”.

Lukas 22,14-20

Barneratzea

Eszena batzuk 59. eta 60. orrialdeetan daude: Jesus azken afarian, Emauskoekin, eta lehen kristauak “ogi-zatitzean” bilduak.

Hasteko, 57. orrialdeko marrazki-puskak moztuko ditugu, marrazkiak ongi osatzeko. Moztu ondoren, puska bakoitza dagokion marrazkian kokatuko dugu.

Denon artean, hiru eszenak deskribatuko ditugu: testua irakurri eta katekistak haurrek ez dakitena edo ondo ulertu ez dutena azalduko die.

Haurrek “Jesusek nire etxean afaldu zuen eguna” izeneko kontakizuna etxean irakurriko dute; haurraren liburuko 62 eta 63. orrialdeetan dago.