03 Jainkoak sortua da gizakia

Neurrigabeko maitasunez sortu ditu Jainkoak gizona eta emakumea.

Ardura berezia jarri behar dute gurasoek gai hau lantzerakoan, “gure gaia” baita.

MEZUA

Jainkoak bere maitasun samurrena jarri du gizona eta emakumea egitean. Arraza eta herri guztietako gizon-emakumeok garrantzian berdinak gara, bere irudira egin gaituen Jainkoaren maitasun berberak sortu gaituelako guztiok.

Eskertzekoa da arte eta kultur adierazpen hain ezberdin eta ederrak dituzten gizon-emakumeen aniztasuna hain handia izatea, arte eta kultur adierazpen horiek mila eratara azalduz: etxegintzan, janzkeran, ohituretan, abestietan, dantzetan, hizkuntzan...

HELBURUAK

· Ohartu gizon-emakumeak sorkari garrantzitsuenak eta samurtasun bereziz egindako sorkariak direla.

  • Jainkoak sortuak izatearen poza adierazi.

  • Edozein arraza, herri eta kulturakoak direla ere, gizaki guztiak neurri berean baloratu eta maitatu.

  • Mundua zaintzeko eta gidatzeko Jainkoak ematen digun eginkizuna geure gain hartu.

Elkarrizketa

  1. Ezagutzen al duzu beste arrazaren bateko gizakirik? Non bizi dira? Desberdinak al dira guregandik?

  2. Guztiok berdin janzten al gara?

  3. Era desberdinetakoak al dira etxebizitzak, herrialdeen edo eskualdeen arabera?

  4. Hizkuntza desberdinak al dira munduan? Esan batzuk.

  5. Kulturen arabera, ezagutzen al duzu agurtzeko era desberdinik?

  6. Ezagutzen al duzu herrialdeak bereizten dituen musika tresnarik?

  7. Gizon emakume guztiok, haur nahiz heldu, zoriontsu izateko, ikasketak egiteko, jateko... eskubide berak ditugula uste duzu?

Haurraren liburua zabaldu

  • Garai ezberdinetako gizakien irudiak dauzkagu ikusgai 14. orrialdean. Gurasoak irudiei begiratzeko eskatuko die haurrei, eta horien artean dauden parekotasunak eta desberdintasunak aipa ditzatela.

  • Orrialdean idatzitako esaldia irakurtzen du gurasoak. “Jainkoak sortua da gizakia”. Hurrengo orrian mutikoaren eta neskatoaren irudia moldatzeko aukera eskaintzen da. Lehenengo eta behin, orria agindutako puntuetatik moztu behar da, liburua honda ez dadin. Gero gorputzaren atalak mozten dira, erakusten den eran, eta behar bezala kokatu behar dira bata besteari hariaren bidez lotuta.

HITZIK ONENA

Aurreko gaietan, munduko gauzak eta animaliak nork egin dituen galdetu dugu.

Orduan Jainkoak esan zuen:

“Gizona eta emakumea egitera noa. Nire antzeko egingo ditut, itsasoko arrainen, zeruko hegaztien eta lurreko animalia guztien, txiki eta handien, ardura izan dezaten”. Eta Jainkoak arraza eta kultura guztietako gizon eta emakumeak egin zituen. Bedeinkatu zituen eta hala esan zien: “Hasi eta ugaldu zaitezte lurbira betetzeraino. Egin dudan guztia zuen ardurapean hartuko duzue: zeruko hegaztiak, lurreko animaliak, itsasoko arrainak”. Eta horrela gertatu zen. Jaunak begiratu zion egin zuen guztiari, eta dena miresgarria zen.

Orain geure buruari galdetu nahi diogu: nori esker bizi gara gizakiok? Nork asmatu du giza bizitza? Arretaz irakurriko dugu testu hau.

Etengabe azpimarratu behar du gurasoak gizonaren eta emakumearen arteko eta gizon eta emakume guztien arteko oinarrizko berdintasuna. Aniztasuna aberasgarria da.