12 Nire esku txikiak

“Jainko Aita, bedeinkatuko zaitut eta zuri dei eginez altxatuko eskuak”

Haurrak gero eta trebeagoak dira eskuak erabiltzen eta gero eta gauza gehiago egiteko gai dira gorputzeko tresna bikain horiek erabiliz: marraztu, idatzi, plastilinaz irudiak moldatu, jolas egin, eman eta hartu...

MEZUA

Eguneroko eginbehar asko eskuez egiten ditugu. Gizartera iristeko bide ugari irekitzen laguntzen digute tresna txiki hauek. Jainkoaren esku indartsuek eutsi, lagundu, laztandu egiten gaituzte. Jainkoaren eskuetan egonik, ez dugu inolako beldurrik.

HELBURUAK

  • Begiratu zer-nolako ahalbideak dituzten eskuek.

  • Jainkoari eskerrak eman eskuengatik.

  • Erabili eskuak zerbait emateko, hartzeko, elkarbanatzeko.

Elkarrizketa

  1. Zer egin duzue gaur eskuekin?

  2. Nortzuk erabiltzen dituzte eskuak hitz egiteko?

  3. Esan eskuekin egin ditzakezun hiru gauza on.

  4. Badakizue eskuekin agur egiten?

Orain haurraren liburua zabaldu

  • 69. orrialdean hitz hauek irakur daitezke: “Nire esku txikiak”. Bi eskuen ondoan hirugarrena ikusten da, zerbait adieraziz. Hirugarren esku horrek, haur bakoitzak bere eskuetako bat papereko zurigunean marraztu behar duela esan nahi digu: haurrek, eskua paper gainean behera begira zabalik jarriz, arkatzez edo margoz esku-ingurua marraztuko dute.

  • Eskuen bidez egin ditzakegun gauza batzuen irudiak ikusten dira 70 eta 71. orrialdeetan: txirula jo, buztinez irudiak moldatu, josi… Haurrek 71.ean zuriz dagoen irudia margotuko dute: paperezko hegazkina egiten ari den haurra.

Kontuz! Gure eskuekin min ere egin dezakegu

HITZIK ONENA

Bibliaren esanetan, asko dira Jainkoaren eskuak egin dituen lanak. Aurkezten ditugun pasarteak lagungarri izango zaizkie haurrei, ezagutu dezaten zenbaterainokoa den Jainkoak bere eskuz gizon-emakumeen alde egiten duena eta ezagutu dezaten, baita ere, otoitz egiteko eskuak Jainkoarengana jasoz gizakiok egiten ditugun adierazpenak.

Jaungoikoaren eskua kreatzaile

“Neuk egin dut lurra, eta lur gainean gizakia sortu; neuk hedatu ditut neure eskuz zeruak, eta neuk agintzen bertako astro guztiei” (Is 45,12)

Bere eskuz babesten gaitu Jaungoikoak

“Neure mezuaren bozeramaile egiten zaitut, eta neure eskupean babestu”

(Is 51,16)

“Jaiki zaitez, Jauna, Zure esku hori jaso egizu, ez ahaztu errukarriez” (Sal 10,12-13)

Gizakiak Jaungoikoarengana Luzatzen ditu besoak, laguntza eske

“Egun osoan zuri deika nago, Jauna, eskuak zugana luzaturik”.(Sal 88,10)

“Bizitza guztian bedeinkatuko zaitut, zuri dei eginez altxatuko eskuak” (Sal 63,5)

Jaungoikoarekin eskuen bidez berba egiteari buruz gurasoekin esandakoa azaltzen duen irudia ikus daiteke 74. orrialdean: eskuak jasota, batuta, zabalduta… Idatzita agertzen da “Eskuekin egiten dugu otoitz”

Egiteko zerbait

  • Beharrizanean dagoenari laguntza eskaini, zamaren bat eramateko, kalea zeharkatzeko…

  • Goibel edo triste dagoenari eman bizkarrean zapladatxo batzuk, animatzeko.