06 Elizak Jesusen izenean barkatzen digu

Adin honetako haurrek bekatu “larriak” egiteko gaitasunik ez badute ere, adiskidetze sakramentuaren ospakizun pertsonalak bi helburu ditu:

- Bereizketa morala egiten hastea, Jesusi jarraitzen dion batentzat zer den on eta zer den txar bereizten hastea, eta gure erantzukizun pertsonala ezagutzea.

- Eta kristau bizitzarako garrantzitsua den sakramentu baten ospakizuna praktikatzen hastea.

MEZUA

Jesusek Jainko Aitaz hitz egin zigun, onartu eta barkatu egiten duen Jainko Aitaz. Berak ere bekatariak onartu zituen eta barkamena eman zien. Horrela ikusi dugu aurreko gaietan.

Halaber, apostoluei bekatuak bere izenean barkatzeko mandatua eman zien. Gaur egun, Elizak bekatuak barkatzen ditu Jesusen izenean, Adiskidetze edo Penitentziaren sakramentuaren bidez.

HELBURUAK

· Adiskidetze edo Penitentziaren sakramentua zer den ezagutzea.

· Sakramentua ospatzeko prestatzea.

Jaunaren Hitza

Asteko lehen egun hartan bertan (piztueraren egunean), arratsean, ikasleak etxe batean bilduak zeuden; ateak itxirik zeuzkaten...

Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: “Bakea zuei”...

Gero esan zien: “Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere”.

Joan 20, 19-23

Jakiteko

45. orrialdeko marrazkiaren parte bat margotu gabe dago. Haurrek, katekesi-saioan edo etxean, koloreztatu egingo dute.

47. orrialdea. Jainkoarenganako bidean ematen ditudan urratsak. Jainkoarekin adiskidetzeko, seme galduaren parabolan ikusi dugun bezala, urrats hauek beharrezkoak dira:

Ongi egin ez ditudan gauzak eta Jesusek nahi lukeenaz bestela egindakoak gogoratu. Horri, “kontzientzia azterketa” deitzen zaio.

Jesusi gustatzen ez zaiona egin izanagatik nahigabetua eta damutua nago.

“Bekatuengatik damu izan” ere deitzen zaio

Gaizki egin nuena ongi egiten ahalegindu nahi dut. “Ontzeko asmoa” deitzen zaio horri: okerrak zuzentzea eta, baldin okerreko bidetik banoa, norabidez aldatzea.

Konfesoreari bekatuak esaten dizkiot. Apaizak entzun eta absoluzioa, barkamena Jainkoaren izenean, ematen dit.

Jainkoari eskerrak ematen dizkiot bere barkamenagatik eta apaizak esan didana egiten dut, hobea izateko nahiaren seinale bezala.

Hau guztia Jainkoaren Hitzak gidaturik egiten dut; Jainkoaren Hitzak laguntzen dit gaizki egin dudana deskubritzen, Jainkoarengana itzultzen eta bere barkamenaz pozten; eta hobea izaten saia nadila eskatzen dit.

Apaizak Jainkoaren barkamena ematen digunean, honela esaten digu:

Zure bekatuak barkatzen dizkizut

Aitaren eta Semearen

eta Espiritu Santuaren izenean

Eta guk erantzun: Amen