09 Jesusen festa ospatzeko biltzen gara

Elkartu egiten gara, Jainkoaren Hitza entzuten dugu, Jaunaren Afaria ospatzen, eta misio bat ematen zaigu.

Nahiko lan izaten dugu gure haurrei ikusarazten gure ospakizunak beti festa direla, bai kantatzen dugunean, baita isilik gaudenean edo entzuten ari garenean ere, edo atseginez elkarri bakea ematen diogunean edo umiltasunez Jaunari barkamena eskatzen diogunean… Zaila da beharbada, baina saiatu beharra dugu.

MEZUA

Eukaristia bilera da, eliza den bezala; Jesusek gonbitea egiten digu elkarrekin egoteko, bere Hitza entzuteko eta bere Azken Afariaren oroitzapena ospatzeko.

Eukaristia festa ere bada, ospatzen dugunok alaitasunez betetzen gaituelako: Jesus gurekin da, hitz egiten digu, bere Bizia ematen digu...

HELBURUAK

  • Kristauak zergatik biltzen garen Eukaristian ulertzea.

  • Gure kristau bilerek duten festa-kutsua ezagutzea, ospakizun direla ohartzea.

  • Liturgiaren leku eta jantziei buruzko gauza batzuk ikastea.

  • Eukaristiako erritoak ezagutzen hastea.

Esperientzia

Hasteko, haurrek gaiaren azalaren siluetetan, 65.orrialdean, katekesi taldeko guztien izenak idatziko dituzte. Marrazkiak zera adierazten du: Jesusen mahai inguruan jartzen garenok elkarte bar sortzen dugula, komunitate bat.

Esperientzia landuko dugu 66-67. orrialdeetako jarduerarekin, bertan esaten denari jarraituz.

68. orrialdeko zurigunean, haur bakoitzak parte hartu duen festa baten argazkia erantsi beharko du.

Segituan, 69. orrialdean, haurrek esaldi hauek zer ekartzen dieten gogora idatziko dute, askatasun osoz: Noiz, nola eta zertarako biltzen gara beste pertsona batzuekin? Zer bilera-mota dugu gustukoena? Zergatik? Eta festei buruz, zergatik gustatzen zaigu festak ospatzea? Zein festa-mota ditugu gustukoenak? Egin daiteke festarik bakarrik? Zer egiten dugu jaiegun batean?

Jaunaren Hitza

Nire izenean bizpahiru lagun nonbait biltzen badira, han nago ni haien artean.

Mateo 18,20

EUKARISTIA:

Bildu egiten gara, kristau elkartea egiteko, familia izateko.

  • Gurutzearen seinalea egiten dugu: Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren izenean, Amen. Horrek gogorarazten digu Jainkoaren seme-alabak garela eta Jaunaren izenean elkartu garela.

  • Apaizak agurtu egiten gaitu eta hau desiratzen digu: Jauna zuekin. Eta guk erantzun egiten dugu: Eta zure espirituarekin.

  • Ondoren Jaunari barkamena eskatzeko gonbitea egiten digu: horrela Eukaristia behar den bezala ospatzeko prestatzen gara. Barkamena eskatzen dugu esaldiokin: Erruki Jauna, Kristo erruki, Erruki Jauna.

  • Gero Elizaren himno edo kantu zahar bat esaten dugu: Aintza zeruetan Jaungoikoari.....

· Apaizak, otoitz baten bidez, lehen atal hau amaituko du: “Egin dezagun otoitz....” esango du eta, azkenean, denok Amen esaten dugu.