10 Jesusek zoriontsu izateko bidea erakusten digu

ZORIONTASUNAK

Denok nahi dugu bizikide ditugun lagunak zoriontsu izatea. Zoriontasuna gizakiei igartzen zaien zerbait da. Haurrak sentibera dira zoriontasunarekin zerikusia duen guztiarekin; sentibera dira, baita ere, besteen min, pena eta tristuraren aurrean. Ingurukoei zoriontsu izaten laguntzen dieten gizakiak miresten dituzte.

Zorionekoak zuek besteen etsipenarekin zuek ere sufritzen duzuenean

Etsipenak bukatzean mila bider poztuko zaretelako

MEZUA

Jesus zoriontsu da txiro, apal, bakegile, bihotzez garbi izanik, eta zuzentasunaren eta bakearen alde lan eginda.

Jesusek zoriontsu izaten laguntzen digu, Jainkoarengan uste osoa jarriz, behartsuak maitatuz, haien ondoan egon eta haiei lagunduz, eta bakearen alde lan eginez.

HELBURUAK

  • Jesusek proposatzen duen bizi eta ekintzarako egitaraua, hau da, zorionbideak, ezagutu. Jainkoarengan uste osoa duenaren zoriontasunaren bidea ezagutu.

  • Jesusen kutunenak nortzuk diren ikusi: txiroak, zuzentasuna praktikatzen dutenak, errukitsuak, bakegileak

Ebanjelioetako kontakizuna

Jendetza ikusirik, Jesus mendira igo zen. Eseri eta ikasleak hurbildu zitzaizkion. Orduan, honela hasi zitzaien irakasten:

Zorionekoak bihotzez behartsu direnak,

haiek baitute Jainkoa errege.

Zorionekoak negarrez daudenak,

haiek baititu Jainkoak kontsolatuko.

Zorionekoak bihotz gozokoak,

haiek baitira jabetuko

Jainkoak hitzemandako lurraz.

Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeko

gose-egarri direnak,

haiek baititu Jainkoak aseko.

Zorionekoak errukitsu direnak,

haiek baititu Jainkoak erruki izango.

Zorionekoak bihotz garbiak,

haiek baitute ikusiko Jainkoa.

Zorionekoak bakegileak,

haiek baititu Jainkoak

seme-alabatzat hartuko.

Zorionekoak Jainkoaren nahia

betetzeagatik erasoak,

haiek baitute Jainkoa errege.

Zorionekoak zuek, niregatik madarikatuko zaituztenean, erasoka eta gezurrez gaizki esaka erabiliko zaituztenean. Poz zaitezte eta alaitu, handia izango baita zuen saria zeruan; zuen aurreko profetak ere halaxe erabili zituzten.

Mateo 5, 1-12

Elkarrizketa

79. orrialdean bakearen zorionbidea lantzen da. Ez da zaila izango haurrekin elkarrizketa hastea, bakearen alde lan egiten duten lagun, talde edo erakunderik ezagutzen dute jakiteko.

- Zer egiten dute lagun eta erakunde horiek bakearen alde?

- Ze zailtasun aurkitzen dute bakea lortzeko?

- Nondik ateratzen dituzte indarrak eta adorea lagun horiek bakearen alde, bakea eginez, lan egiteko? Zuen ustez, bakeak egin behar ditugu gure artean? Nola eraikitzen duzu bakea?

Zorionekoak bakearen alde lan egiten dutenak

Koadernoko ariketak

  • 74. orrialdean Zorionbideetan adierazitako egoerekin zerikusia duten pasarteak azaltzen dira. Haurrek interpretatu egingo dituzte eta “Zorionekoak” hitzaz hasten diren hutsuneetan nortzuk diren zoriontsu idatziko dute.

  • 75. orrialdean Jesusek, hiru pasartetan, lagun batzuk zoriontsu izendatzen ditu, arrazoi bategatik edo besteagatik. Haurrek interpretatu eta irudi bat marraztuko dute: Jesusek zoriontsu aldarrikatzen dituen beste lagun batzuk.