14 Jesusen Pazkoa ospatzera goaz

Kanta dezagun Aleluia Pazko-jaian

Opor-garaia izanik, gizartean fama berezia dute Aste Santu eta Pazkoak. Asko dira egun horietako atsedenaren zain egoten direnak, egun horietan zer ospatzen den alde batera utzita. Haurrekin gauza bera gertatzen da; opor-egunak dira hauentzat ere.

Garbi dago nabarmena dela egun horien erlijio-kutsua. Aste Santuko “irudien” ikustoki bilakatu ohi dira herri askotako kaleak. Ugariak dira prozesioak eta bestelako erlijio-adierazpenak. Horrek ez du esan nahi kristau-bizipen sakona dagoenik, ez dira gutxi ikusmira hutsez hurbiltzen direnak, erlijioaren mamira sartu gabe.

Asko dira egun horietako liturgi ospakizunetan etxekoekin batera parte hartu ohi duten haurrak, bai bizi diren herrietan bai oporraldietara joandako tokietan.

MEZUA

Salbamenak Pazko-misterioan jotzen du gailurra. Jesusen berpiztea da askapenaren gertaera gorena, eta bera da Berri Onaren lehenengo iragarpenaren ardatza. Heriotzatik bizitzara igarotzea –Pazkoa– da gure sinesmenaren oinarria, bai haurren fedearena ere.

HELBURUAK

· Pazkoaren esanahiaz jabetu.

· Bizitzak heriotza garaitzeak dakarren poza adierazi.

Elkarrizketa

1. Ba al zenuen aurretik “Aste Santuaren” berri’?

2. Zergatik uste duzue horrela deitzen zaiola?

3. Zer esan nahi du “Pazkoa” hitzak? Ezagutzen al zenuen hitz hori?

4. Aste Santua eta Pazko-egunak etortzeko gogoa al zenuen? Zergatik?

5. Egun horiek non pasatuko dituzue? Zer egiteko asmoa duzue?

Orain haurraren liburua zabaldu

· Gaiaren ataria da Haurraren liburuko 81. orrialdea. Hor dauden 4 irudiek laburbildu egiten dute Aste Santuan ospatzen duguna: palma-adarrak, Aste Santuko prozesio-irudia, Pazko-zuzia lorez apaindua, eta Pazko-arrautzak. Gaiaren sarrera orokorra dugu.

· Jesusen bizitzako azken gertaerak kontatzeko baliagarri diren irudiak ikus daitezke liburuaren 82. eta 83. orrialdeetan: Jesus Jerusalemen sartzen, ikasleen oinak garbitzen, Azken Afaria, Jesus gurutzea eramaten, Jesus gurutziltzatua, eta azkenik, Jesus bere amaren besoetan. Begiz ikusi eta ahoz kontatzeko pasarteak dira. Irudi bakoitzaren edukia eta esanahia adieraziko die katekistak.

· Jesus berpiztua ageri da 84. orrialdean. Saihetsean eta esku-oinetan zaurien arrastoak ditu.

· 85. orrialdeko irudietan Jesus berpiztuaren bi agerpen ikus daitezke: lehenengoan, haren gorputza gantzutzeko asmoz hilobira joan diren emakumeekin ageri da; bigarrenean, Emausko bidean zihoazen ikasleekin ageri da; ikasle horiek ogia zatitzen ezagutzen dute Jesus, mahaian elkarrekin eserita Jesusek ogia zatitzen duenean.

HITZIK ONENA

Irakurgaia San Markosen ebanjeliotik eta San Mateorenetik hartu dugu.

Larunbata igaro zenean, Magdalako Mariak, Maria Santiagoren amak eta Salomek usain gozoko ukenduak erosi zituzten, Jesusen gorpua gantzutzeko. Eta asteko lehen egunean, goizean goiz, eguzkia atera orduko, hilobira joan ziren. Honela ari ziren beren artean:

-Nork kenduko digu hilobi-sarrerako-harria?

Begiratu eta harria alboratua zela ohartu ziren, oso astuna izan arren. Hilobian sarturik, gazte bat ikusi zuten eskuinaldean eseria, soineko zuriz jantzia, eta erabat izutu ziren. Baina hark esan zien:

-Ez izutu! Nazareteko Jesus gurutziltzatuaren bila zabiltzate. Piztua da, ez dago hemen. Hilobitik arin-arin alde egin eta, ikaraz eta poz-pozik, ikasleei berri ematera joan ziren lasterka. Hartan, Jesus atera zitzaien bidera eta agurtu egin zituen. Emakumeek, ondoraturik, oinak besarkatu zizkioten eta gurtu egin zuten.

BIZI DA JESUS, PIZTU DA!