04 Itsua bide ertzean Jesusek gaixoak sendatzen ditu

Haurrek esperientziaz dakite egoera batzuetan, zailtasun batzuen aurrean, laguntza eskatu behar dietela nagusiei. Dena dela, beste bati laguntza eskatzea, harengan konfiantza jartzea, guk baino ahalmen handiagoa daukala aitortu eta adieraztea da. Gai honetan, Jesusek eskaera harrigarriak, gizakiei ihes egiten dieten eskariak, jasotzen ditu, eta, ordainean, Jesusek ematen duen laguntzak emaitza harrigarriak ditu. Gaixoenganako arretan ikusten dira Jesusen ekintzen maitasuna eta ahalmena.

MEZUA

Jesusek arreta eskaintzen die gaixoei eta sendatu egiten ditu.

HELBURUA

  • Sufritzen duten lagunen minaren aurrean Jesus sentibera dela ikusi.

  • Jesusek gaixoak sendatzeko aparteko ahalmena duela onartu.

Ebanjelioetako kontakizuna

Jerikora iritsi ziren. Eta Jesus bere ikasleekin eta jendetza handiarekin hiritik irteterakoan, Bartimeo itsua, Timeoren semea, eskean zegoen bide ertzean eserita. Jesus Nazaretarra zela jakitean, oihuka hasi zen:

-Dabiden Semea, Jesus, erruki zakizkit!

Askok gogor egiten zioten, isilarazteko; baina hark areago oihu:

-Dabiden Semea, erruki zakizkit!

Jesusek, gelditu eta hari dei egiteko agindu zuen. Dei egin zioten itsuari, esanez:

-Izan bihotz! Jeiki, deika ari zaik.

Bere soingainekoa jaurtikiz, salto batean zutitu eta Jesusengana joan zen.

Jesusek galdetu zion:

-Zoaz, zeure sinesmenak sendatu zaitu.

Une berean ikusmena etorri zitzaion berriro, eta Jesusen ondoren zihoan bidean.

Markos 10, 46-52

Jesusek ikusi egiten ditu eta gelditu egiten da haiei laguntzeko. Jesusek batez ere behartsuenei, sufritzen dutenei, maitasunik jasotzen ez dutenei, gizarteak onartzen ez dituenei, Bartimeo gizajoa bezala, baztertuta daudenei eskaintzen die arreta. Jesusek ez du ezikusiarena egiten gizakien oinazearen aurrean. Bere laguntasun osoa eskaintzen die, Berarengan uste osoa dutelako.

Elkarrizketa

- Nola sendatzen du Jesusek Bartimeo?

- Zer egiten du?

- Sendagairen bat ematen dio?

- Zer esan nahi dute Jesusek Bartimeori esaten dizkion hitzak?

Koadernoko ariketak

  • 27. orrialdean, gizaki batek besteen laguntza behar duela adierazten diguten egoera batzuk ikus ditzakegu. Marrazki bakoitzean irudikatzen denaz hitz egingo dugu taldean, eta egoera bakoitzean zer laguntza eman dezakegun aztertuko dugu. Elkarrizketa beste egoera batzuetara ere zabalduko diegu, baina gaixotasun eta oinaze fisikoen aipamen hutsa saihestuz. Gero, orrialde honetako marrazkiren bat osatzeko edo koloreztatzeko esango diegu haurrei.

  • Bartimeoren antzeko beharrizan bat sentitzen duena, hura bezala, “bide ertzean”, besteen laguntza erregutuz dagoela esan dezakegu. Neskato edo mutiko bakoitzak, 26. orrialdeko behealdean idatz ditzala gaur “bide-ertzean” ikusten ditugun egoera edo beharrizanak.

Egiteko

Egin dezaketen zerbait eskatuko diegu haurrei, adibidez: arreta eskaini gure laguntza behar duten inguruko lagunei. Katekistak hau zehaztuko du: aitona-amonak, anai-arreba txikia, gaixorik dagoen kide edo etxekoren bat, bakarrik bizi den auzokoa....