08 Handia egin naiz

Pozik eta alai hazten gara.

Adin honetako haurrentzat hazkundearen esperientzia pozgarrienetakoa da. Haurren hazkundea ez dagokio soinari edo gorputzari bakarrik. Gauza asko ari dira ikasten. Trebetasun mordoa bereganatzen dute. Badituzte orain lehen ez zituzten adierazpideak. Gauza horien aurrean, harridura eta bizi poza sumatzen dute.

MEZUA

Sorkari asko eta asko dira hazi egiten direnak. Landare, lore eta zuhaitzen hazkundea nabarmena da. Hazi egiten dira animaliak. Beste sorkarien artean ezaugarri berezi bereziak ditu gizakiak. Gorputzari dagokion hazkundeaz gain, beste garapen batzuk ere bizi ditugu: psikologiari eta espirituari dagozkienak. Gai gara ikasteko, gero eta gehiago maitatzeko eta gure trebetasunak gehitzeko. Guzti hori Jainko Aitaren dohaina da; poztu egiten da gu hazten ikusiaz.

HELBURUAK

· Hazteak ematen duen poza adierazi; ez gorputza hazteak soilik, baita hazkunde psikologikoak eta espiritualak ere.

  • Jainkoari eskerrak eman, era askotara hazteko ahalmena eman digulako.

Elkarrizketa

  1. Ba al dira hazten ez diren gauzak? Zeintzuk dira hazten ez diren gauzak?

  2. Zergatik gauza batzuk hazten dira eta beste batzuk ez?

  3. Hazi egin zaretela esaten al dizuete? Nork esan dizue?

  4. Zertan ikusten duzue hazi egin zaretela?

  5. Zer egin behar da hazteko?

6. Zer dakizue gaur, orain urtebete edota orain lau urte ez zenekitenaren aldean?

Haurraren liburua zabaldu.

  • Haurraren liburuko 40 eta 41. orrialdeetan, “Handia egin naiz” eta “Hazi eta hazi ari naiz”, esaldiek zehazten dute gaiaren nondik norakoa. Orain arte neska edota mutiko bakoitzak egin duen ibilbidea da. Haurrek irudiak aztertzen dituzte: umea sehaskan, ibiltzen ikasten, besteen laguntzarik gabe jaten. Ikus daiteke jirafa antzeko zerbaitekin bere burua neurtzen.

  • 42 eta 43. orrialdeetan, ikus dezatela, zenbat gauza egiteko gai diren adin horretan.

  • Hazkunde-prozesuan haurrek ikasten eta egiten dituzten gauzak ikus daiteke 44 eta 45. orrialdetan. Haurrek zenbait eginbeharretan parte hartzen dutela ikusten da irudietan. Margotzeko daudenak margo ditzatela esango zaie haurrei.

  • 46. orrialdean, gurasoak esango die Jesus dela eredua, izan ere, Jesus euren moduan hazten zen, gorpuzkeran, jakintzan eta Aitarekiko eta ingurukoekiko maitasunean. Idatzirik ageri den esaldiak lagundu egiten digu irudiaren esanahia jasotzen: “Jesusen antzera hazi nahi dugu”.

HITZIK ONENA

Jerusalengo tenpluan gertatutakoaren ondoren Jesus bere etxera, Nazaretera, itzuli zela esaten die gurasoak haurrei. Irakurri egiten dugu ebanjelioko kontaera; Lukasen bitartez:

Jesus Nazaretera jaitsi zen gurasoekin, eta haien menpean jarraitu zuen. Haren amak gogoan hartzen zituen gertakari guztiok. Jesus aurrera zihoan jakintzan, gorpuzkeran eta grazian, Jainkoaren eta gizakien begietan.

Jesusek, guk egin dugun bezala, ibiltzen ikasi zuen, hitz egiten, barre egiten, jolasten, otoitz egiten…

“Eskerrak ematen dizkizugu Jainko Aita”

· Eskerrak ematen dizkizugu indartsu eta osasuntsu hazi garelako.

  • Eskerrak ematen dizkizugu janariarengatik.

  • Eskerrak ematen dizkizugu etxekoek elkartuta jaten dugulako.

  • Eskerrak ematen dizkizugu eskolarengatik.

  • Eskerrak ematen dizkizugu abestu jolas eta igeri egin dezakegulako.

  • Eskerrak ematen dizkizugu Jainko Aita, zure maitasunez elikatu eta zure seme-alaba egin gaituzulako.

“Entzuiguzu, Jainko Aita”

  • Jatekorik ez dutenen alde eskatzen dizugu.

  • Gauzak ondo egin ditzagun eskatzen dizugu.

  • Gauzak ematen eta elkarrekin banatzen ikas dezagun eskatzen dizugu.

  • Gaixo dauden haurren alde eskatzen dizugu.

  • Ikastetxerik, libururik, jostailurik ez duten haurren alde eskatzen dizugu.

  • Otoitz egiten ez dakitenen alde eskatzen dizugu.