02 Nazareteko Jesus, gure antzeko gizakia

Haurrak arrazoibide logiko-konkretua du. Herri edo auzo batean bizi, ohitura batzuk, hizkuntza bat, kultura bat.... duten guraso eta senitartekoekin batera familia bateko kide izatearen umeen esperientziatik abiatuko gara. Jesus, gugandik urrun dauden garai eta leku jakin batzuetan, familia, auzokide, ohitura batzuekin bizi izan zela ikusten lagunduko diegu. Jesusen benetako gizatasunaz jabe daitezela.

MEZUA

Jesus, duela 2.000 urte Palestinan bizi izan zen gure antzeko gizakia izan zen.

HELBURUA

  • Jesusen giza bizitzaren oinarrizko datu historikoak ezagutu.

Ebanjelioetako kontakizuna

Jesus, bere herrira heldurik, irakasten hasi zitzaien sinagogan.

Jendeak, harriturik, honela zioen:

-Nondik du honek horrelako jakinduria, eta nondik mirari horiek? Mateo 13, 54-55

Kontakizuna: Arotzaren semea

Jesus Belenen jaio zen, Maria eta Jose hara joan zirelako erroldaketa egitera enperadore erromatarraren agindua betez.

Geroago, Jesus Nazaretera joan zen bizitzera, Maria eta Joserekin eta han hazi zen, gutariko baten antzera; beste haur batzuekin jolasten zuen, ikasten ere aritu zen, Maria eta Josek esandakoa egiten zuen eta eurekin batera otoitz ere egiten zuen.

Hamabi urterekin, Maria eta Joserekin joan zen Jerusalem hirira. Hiru egun galduta egon zen, berriro tenpluan aurkitu zuten arte.

Familia apalean jaio eta bizi izan zen, bere eskuez lan egiten ikasi zuen, aitaren, Joseren, aroztegian. Adiskide ona zen auzokideentzat: Aita Jainkoak beragandik nahi zuena egin zuen beti.

Nagusiagoa zenean, Palestinako herrietan zehar ibili zen honako hau iragarriz: Jainkoa Aita ona dela guztiontzat eta denok garela anai-arreba.

Batzuk ez zuten Jesusen mezua onartu, haren irakaspenen aurka zeuden eta aurretik kentzea nahi zuten. Garaiko agintariek salaketa faltsuak jaurti zituzten Jesusen aurka eta gurutzean josi zuten Jerusalemen.

Gure esperientzia

  • Haurrek, Jesusi, Bibliari edo ebanjelioei buruz dakitenetik elkarrizketa hasi, aurreko saioko gauza batzuk gogoratuz eta familietan galdetu ondoren jaso dutenarekin osatuz.

  • Taldekideek ideiak botako dituzte eta arbela erabiliko da, ezkerraldean Jesus eta eskuinaldean Biblia hitzak jarriz. Eta haurrek hitz hauetaz esaten dutena idatziko dugu. Arbelik eduki ezik, kartulina batean edo hitzez egin daiteke ariketa hau.

Katekistak erantzun guztiak batu eta bideratuko ditu; eta, beharrezkoa izanez gero, informazioa osatuko du. Berriro aurkeztuko dio taldeari (galdera batzuen bidez aurreko saioan esandakoa sakonduz) Ebanjelioen liburua: Jesusen bizitza eta Jesusen garaiko gizon eta emakumeek berarekin bizi izan zuten esperientzia biltzen duen liburua da.

Koadernoko ariketak

  • 12. orrialdean, lauki baten barruan, Jesusen garaiko herri bateko bizimodua irudikatzen da; marraz dezatela haurrek. 13. orrialdeko laukian euren herri edo auzoko bizitzeko era.

  • 14. orrialdean era bateko eta besteko gauzen marrazkiak agertzen dira; batzuk Jesusen garaikoak dira eta beste batzuk gaurkoak. Taldeak bereiz ditzala gauzok eta zertarako balio duten azal dezatela. Haur bakoitzak koadernoan apunta ditzala Jesusen garaiko edo gure egunotako tresna batzuen izenak dagokien lekuan.

  • 16. orrialdean haurrek marrazki bakoitzaren azpian esaldi bat idatziko dute, irudian ikusten dena azalduz.