15 Jesus gaur ere gure artean dago

Katekesiko ikasturte honetan, neskato eta mutikoek Jesus hobeto ezagutzeko aukera izan dute. Beste garai batean gizon-emakumeen artean bizi izan zen pertsonaia historiko gisa ezagutzeaz gain, gaur ere gure artean bizi den lagun moduan ikustea da garrantzitsua. Jesus ez da gugandik aldenduz zerura igo zen norbait; Jesus, misteriotsuki, gure artean dago, Berak ikasleei agindu zien bezala.

Nire izenean bizpahiru lagun nonbait biltzen badira, han nago ni beraien artean.

MEZUA

Jesusek bere ikasleen artean jarraitzen du, eta ikasleek, batez ere, eukaristian, behartsuengan, senideen arteko maitasunean eta Jesusen izenean biltzen direnean antzematen Jesusen presentzia.

HELBURUAK

· Jesus ez dagoela gugandik urrun eta gure bizitzetan azaltzen dela ikusi.

· Jesus gure artean dagoela sentitzeko era nagusiak ezagutu.

Ebanjelioetako kontakizuna

Jesusek esan zuen:

- “Ni zuekin izango nauzue egunero munduaren azkenera arte” (Mateo 28,20)

- “Hau nire gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nire oroigarri.” (Lucas 22,19)

- “Benetan diotsuet: Nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, neuri egin zenidaten.” (Mateo 25,40)

- “Izan ere, nire izenean bizpahiru lagun nonbait biltzen badira, han nago ni beraien artean.” (Mateo 18,20)

Gure esperientzia

- Orain hemen ez dagoen edo ez dauden nor edo nortzuk daude zuei estu-estu lotuta?

- Zertan edo noiz sentitzen dituzue bereziki hurbil zuen aita-amak, edo etxekoak, nahiz eta zuen ondoan ez egon?

Jesus kalean dago

Koadernoko ariketak

· Koadernoko 110. orrialdean, marrazkiaren gainean dauden zenbakien ordenari jarraituz eta marra batez lotuz, Jesusen presentzia antzemango dugu haurren taldearen erdian.

· 111. orrialdean, haurrek eguneroko bizitzan Jesus aurkitzeko erak apuntatu ditzakete. Gainera, toki zabala dute Jesusekin bat egiteko era horretako bat marrazteko.

· 113 orrialdean, azken saioa ospatzen ari den katekesiko talde bat azaltzen da. Arbelean zerbait idatzita dago; haurrekin komentatuko dugu. Gero irudia koloreztatzeko esango diegu.

Jesusen lagunok Bera gure artean dagoela sentitu dezakegu:

· Eukaristia ospatzen dugun bakoitzean.

· Bere izenean biltzen garen guztietan.

· Txiroei beharrizanetan laguntzen diegunean.

Katekesiko haurrak egunen batean, agian datorren urtean edo hurrengoan, Eukaristiako mahaian parte hartzeko prestatzen ari dira. Ospakizun horretan Jesus aurkitzeko grina piztu nahi dugu eurengan.