02 Jaunaren izaki guztiok, bedeinka ezazue jauna

Lurreko abere, zeruko hegazti, itsasoko arrain, Jainkoaren izaki guztiok, kanta Jainkoari.

Gai honetan animalien mundua dugu begien aurrean. Aurreko gaian bizirik gabeko Izadia ikusi dugu; oraingoan, agertoki hura ibilian dabiltzan bizidunez hasi zaigu betetzen. Haurraren liburuan orrialde asko eskaini zaio gai honi, beti aurrekoarekin lotuta.

MEZUA

Biziaren doinua entzuten da zeruan, lurrean, itsasoan. Jainkoak mila motatako hegazti, arrain, eta beste hainbat animalia harrigarri asmatu ditu, eta bizia eman die.

HELBURUAK

· Jainkoak sortu dituen era askotako animaliengan biziaren indarra nabaritu.

  • Jainkoari eskerrak eman lurbiran bizi diren animaliengatik.

Elkarrizketa

  1. Gogoko dituzue animaliak? Zergatik? Zeintzuk dira zuen gogokoenak?

  2. Herri honetako kaleetan, parkeetan ikusten al da animaliarik? Zer animalia?

  3. Ba al duzue etxean animaliaren bat: txakurra, katua, txoria...? Zaintzen al duzue?

  4. Gogoko al duzue telebistan animaliei buruzko telesailak ikustea?

  5. Zein da zure animaliarik maiteena?

  6. Ikus dezagun zenbat animalia ezagutzen ditugun. Has gaitezen arrainekin, gero txori eta hegaztiekin, eta azkenean ikus ditzagun lur gainean dabiltzan animaliak.

  7. Orain gainbegiratua emango diogu animalien munduari, euren zenbait ezaugarri kontuan harturik: lehenengo, txikienengandik hasita handienengana joko dugu; gero, begira diezaiegun politenei; gero,bizkorrenei eta azkarrenei.

Haurraren liburua zabaldu

  • Haurrek 6. orrialdean irekiko dute liburua. Orrialde tolesgarri hori zabalduz, euren bizitokietan bizi den zenbait animalia ikusiko dute. Orrialdeari begiratu zabala eman diezaiotela eskatuko die gurasoak, eta animalien izenak esanez nolako tokietan bizi diren ager dezatela: basamortuan, basoetan, iparburuan, itsasoan...

  • Orrialde tolesgarriaren goialdeko eskuinean, zortzi zirkulu ikusten dira. Imitatu dezatela zirkulu horietan agertzen denaren soinua edo hotsa.

  • Jarraian haurrek 7. orrialdea margotuko dute.

  • 11. orrialdean indioilar irudia daukagu. Irudi hori osatu egin behar da kolorezko paper zati txiki-txikiak egin eta itsatsiz, orrialdearen goiko eskuinaldean ikusten den indioilar txikiaren ereduaren arabera.

HITZIK ONENA

Hitza entzun aurretik gurasoak galdera hauek egingo dizkie haurrei:

Nork egin ahal izan ditu horrenbeste animalia-mota, eta hain ederrak gainera? Harrigarriak dira zuhaitzak, loreak, oihanak, eguzkia izarrak... baina askoz ederragoa da animalien munduan ageri zaigun bizia.

Jainkoak bizidunez bete zituen zeru lurrak: urak, arrainez; zeruak, hegaztiz; eta lurra, animaliaz, narrastiz, eta xomorroz. Horrela, dena gerturik zegoen Jainkoak gogoan zeukan ekintzarik bikainena burutzeko.

Irakurketa amaitzean, orrialde tolesgarrian ageri diren animaliei begira jarriko dira haurrak; oraingoan isilean. Bitartean, gurasoak berriro irakur dezake testua astiro-astiro.

OTOITZA

Ura

Euriak zerua garbitzen du,

belarra prestatu,

lur guztian zehar zabaldu

eta bat-batean desagertzen da.

Ur gardenak

bizi den guztia elikatzen du.

Bera gabe ez legoke bizitzarik

Jauna, guk zu igarri ez arren, bizi-iturri zara.