06 Jesusen jaiotza honela gertatu zen

“Berri on pozgarria dakarkizuet: Salbatzailea jaio zaizue gaur Belenen”

Gai honetan Jesusen jaiotza aurkezten da, baina jaiotzaren aurretik eta ondoren gertatutakoari lotuta: lehenik, Maria eta Jose, Belenerako bidean; gero, aingeruek artzainei eginiko iragarpena eta artzainen gurtza; Ekialdeko Jakintsu edo Erregeei izarraren bidez egindako iragarpena eta Jesus haurra gurtzeko Jakintsu horiek Belenera etortzea.

MEZUA

Jainkoak Mariari aingeruaren bidez iragarritakoa gertatu egin da. Jaio da Jesus. Lurbira pozez eta bake egarriz bete da. Neurrigabe ona den Jainkoak, bere bizilekua gure bizilekuaren ondoan jarri du. Gizon egin da eta gure artean bizi da.

Jende xumeak ­­—artzainak­­— zein jende garrantzitsuak ­­—Ekialdeko jakintsuak­—jasotzen du zeruko iragarpena. Artzainek, aingeruen bidez; Ekialdeko jakintsuek, izarraren bidez.

HELBURUAK

· Jesusen Jaiotzaren poza bizi eta adierazi.

  • Jesusen jaiotza gizon emakume guztientzat berri ona dela ospatu.

Elkarrizketa

  1. Zertan igartzen duzue oso hurbil direla Eguberri jaiak?

  2. Zer apaindura jarri dituzte azken egun hauetan eliza, kale, erakustoki, zuen etxe eta eskoletan?

  3. Ba la dakizue zer izen duten Eguberrietako abestiek?

  4. Zergatik bidaltzen ditu jendeak zorion txartelak?

  5. Zeintzuk dira Eguberri-aldian gehien esaten diren hitzak?

  6. Ezagutzen al dituzue egun hauetan agertzen diren ohiko pertsonaiak? Olentzero, Erregeak, etab.

Haurraren liburua zabaldu

  • Haurrek liburuko 26. orrialdeko irudiei begiratuko diete. Gurasoak haurrei hitz egiteko eta dakiena esateko aukera emango die. Kontaeran egiten dituzten hutsuneak gurasoak beteko ditu. Hona hemen irudiek adierazten dutena: Maria eta Jose Belenera doaz. Egun gutxi barru Mariak haur bat izango du. Ostatu bila dabiltza Belenen eta ez dute aurkitzen. Animalien babesleku den estalpea aurkitzen dute Belenen inguruan. Bertara sartzen dira Maria eta Jose, eta tokia egokitu egiten dute.

  • Aurrera jarraituz, 27. orrialdeko irudietan, Jesus haur jaio berria ikus daiteke, eta aingeruek artzainei gertatuaren berri ematen eta artzainak estalpera bidean doazela. Azkenik artzainak Jesus gurtzen ikus daiteke.

  • Liburuko 28. orrialdean gizon-emakume guztientzat bake-mezua abestuz aingeru taldea ageri da. Ondoren, bide luzea eginez, urrutiko lurraldetik Belenera bidean doazen Ekialdeko jakintsuak, Erregeak, ikus daitezke. Hurrengo irudian, Jesus gurtzen eta opariak eskaintzen ageri dira.

  • Jesusen jaiotza ez da gertukoentzat bakarrik gertatu, urrutikoentzat ere bai. Denentzat.

  • Jaiotza osatzeko irudi ebakigarriak dituen orrialdea moztuko dute haurrek.

HITZIK ONENA

Egun haietan Maria etxetik atera eta Elisabet bere lehengusina bizi zen herrira joan zen arin-arin. Elisabet ere haurdun zegoen. Elkar ikustean bi lehengusinak pozez bete ziren eta Jainkoa bedeinkatu zuten. Hiru hilabete egin zituen Mariak Elisabetenean, eta gero bere etxera itzuli zen.

Jose eta Maria Galileako Nazaret herritik Judeako Belen zeritzan Dabiden herrira igo ziren, hiritarrei zegokien erroldan izenak ematera. Haurdun zegoen Maria. Belenen zeudela, haur izateko egunak bete zitzaizkion Mariari, eta lehen semea izan zuen.

Oihaletan bildu eta abere aska batean ezarri zuen, ez baitzen ostatuan haientzat tokirik.

Baziren inguru hartan artzain batzuk, gauez kanpoan artaldea txandaka zaintzen. Jaunaren aingerua aurkeztu zitzaien, eta Jaunaren aintzak argiz inguratu zituen.

Orduan beldur ikaraz gelditu ziren, baina aingeruak esan zien:

Ez beldurtu! Hara berri on pozgarria dakarkizuet, bai zuentzat, bai herri osoarentzat ere: Salbatzailea, hau da, Mesias jauna jaio zaizue gaur. Hona seinalea: jaioberri bat aurkituko duzue oihaletan bildua eta askan etzana. Eta bat-batean, zeruko aingeru talde handi bat azaldu zen aingeruaren inguruan. Jainkoa goretsiz: “Aintza zeruetan Jainkoari eta bakea lurrean berak hain maite dituen gizon emakumeei”.

Sortaldeko jakintsu batzuk azaldu ziren Jerusalenen galdezka:

Non da juduen errege jaioberria? Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz. Belenen jaio zela jakin ondoren, abiatu egin ziren berriro, eta haurra zegoen tokira iritsi ziren. Etxean sarturik, haurra aurkitu zuten, Mariarekin, eta gurtu egin zuten. Ondoren, beren kutxatilak zabalduz, opariak eskaini zizkioten: urrea, intsentsua, eta mirra.