09 Ikusten zaitut eta ikusten nauzu

Jaungoikoak maitasunez begiratzen gaitu beti

Gure aurrean dauzkagun gauzen berri izateko, leiho zoragarriak ditugu begiak. Pertsonak ezagutzeko begiratu egiten diegu aurpegira. Norbaitekin aspalditik egoteko aukerarik izan ez dugunean, hala esaten diogu: “zenbat denbora elkar ikusi gabe”. Eta elkartzen garenean, hori ospatzeko, hauek esaten ditugu: “zorionekoak ikusten zaituzten begiak”. Alde egitean, honela mintzo ohi gara: “agur, ikusi arte”. Garrantzi handikoa da begiratzen ikastea gauzak sakon ikusteko.

MEZUA

Gure begien gozagarri egin du Jainkoak mundua, miretsi eta ikus dezagun harriduraz.

Maitekiro begiratzen digu Jainkoak eta “Aitaren begiradarekin” jarraitzen digu.

Gure begiek egoera ezberdinetan bizi diren pertsonak aurkitu eta ezagutzeko aukera eskaintzen digute. Gure begiek esaten digute besteak nola dauden: goibel, alai, pozik.

HELBURUAK

· Begiratze eta ikuste saioak egin.

  • Jainkoaren begiradan adiskidearen begirada sumatu.

Elkarrizketa

  1. Gaur jaikitzean, etxetik irtetean, eskolara joatean, katekesira etortzean. Zeintzuk ikusi dituzue? Aurpegi alaiak ala ilunak zituzten?

  2. Gaur ikusi duzuen zerbait, harrigarria iruditu al zaizue? Zergatik?

  3. Zein kolore duzue gogokoen? Zergatik?

  4. Kalean zoaztenean, zein erakusleihori gelditzen zarete begira?

  5. Gogoko al duzue telebista ikustea? Zeintzuk dira gogokoen dituzuen programak?

  6. Etxean nola begiratzen dizuete guraso, aitona-amona, senideek?

    1. Nola igartzen duzue maitekiro begiratzen dizuetela?

Haurraren liburua zabaldu

  • Kolorerik gabeko begiak dituzten aurpegiak ikusten dira 49. orrialdean. Idatzitako esaldiak honela dio: “Ikusten zaitut eta ikusten nauzu”. Aurpegi horietako begiak haurrek beren begien kolorez margotuko dituzte.

  • Barruan irudi asko dituen laukia ageri da 50. orrialdean. Laukiaren kanpoaldean kolorezko puntu batzuk ikusten dira. Laukiaren kanpoaldeko kolorezko puntu bakoitzaren inguruan, kolore bera duten barruko zenbait irudi edo gauza marraztuko dute haurrek: laranja koloreko puntuaren inguruan, laukiaren barruan dauden laranja koloreko gauzak, eta horrela beste koloreekin ere.

  • Begiradaren gaia jorratzen dugu 51 eta 52. orrialdeetan. Begirik gabeko aurpegi handia ikusten da eta, eskuin aldean begirada ezberdinen zerrenda: alaia, harritua, betiluna, haserretua. Haurrek moztu egingo dute zerrenda osoa, eta gero zerrendako begiraden laukiak moztuko dituzte: horien atzealdean beste begi batzuk ageri dira: mozorrotuak, urpekarien betaurrekodunak, etab.

Gero, banan-banan, begiraden laukiak begirik gabeko aurpegian jarriko dituzte, eta begirada bakoitzaren azalpena egingo dute: “begirada honekin, betilun dago; honekin, alai; honela, urpean igerian ari da”, etab

HITZIK ONENA

Mundua egitean, Jainkoak egin zuen lehena argia izan zen. “Argia eman zuen” guk gauzak ikusi ahal izateko.

Maitasunez begiratzen digu beti jainkoak eta guk ere maitasun handiz begiratzen diogu Jainkoari. Begirada samurrak Jainkoak, begirada samurra Jainkoari. Maitasunez eta uste osoz begira diezaiokegu Jainkoari, Berak ere horrelaxe begiratzen digulako.

Gizakiak antzinatik dei egiten dio Jainkoari. 123. salmoa:

Begiak Zuregana jasoak ditut,

zeruan errege zaren horrengana.

Nola semeen begiak aitaren begietara,

halaxe daude gure begiak Jaunaren,

gure Jainko Aitaren begietara.

Haren maitasuna iritsi zain.