05 Jesusek Jainkoaren barkamena dakarkigu

Urruntzearen eta hurbiltzearen dinamikatik abiatuta, aurreko gaian haurren kontzientzia moralaren pizteaz baliatu nahi izan gara. Erakutsi zaie batzuetan Jainkoarengandik urruntzen direla. Jainko aitaren maitasun mugagabearen berri eman zaie, batez ere, eta nola beti barkatzen eta babesten duen.

MEZUA

Jesusek erakusten digu Jainkoak maite gaituela eta barkatzen digula. Jesusek Jainkoaren izenean barkatzen du. Berdin jokatzera animatzen gaitu, berak egiten duen bezala egitera.

HELBURUAK

  • Jesusek Jainkoaren errukiaz eta barkamenaz ematen digun mezuaren berri izatea.

  • Jainkoari barkamena eskatzeko eta besteei barkatzeko gogoa piztea.

Jaunaren Hitza

Orduan, lege-maisu eta fariseuek emakume bat, adulterioan harrapatua, ekarri zioten. Erdi-erdian ipiniz, esan zioten Jesusi:

-Maisu, emakume hau adulterioan ari zela harrapatu dute. Moisesek legean honelakoak harrika hiltzeko agindu zigun; zuk zer diozu?

Galdera azpikeriaz egin zioten, hura salatzeko aitzakiaren baten bila baitzebiltzan. Jesus, alabaina, makurturik, atzamarrez lurrean idazten hasi zen. Haiek, ordea, galde eta galde ari baitzitzaizkion, zutitu zen Jesus eta honela esan zien:

-Zuetan bekaturik gabe dagoenak jaurtiki diezaiola lehen harria.

Eta berriro makurturik, lurrean idazten jarraitu zuen.

Haiek, ordea, hori entzutean, banan-banan aldegiten hasi ziren, zaharrenetatik hasita. Jesus bakarrik gelditu zen, emakumea aurrean zuela. Jesusek zutitu eta esan zion:

-Emakume, non dira salatzaileak? Ez al zaitu inork ere gaitzetsi?

Hark erantzun:

-Inork ere ez, Jauna.

Orduan Jesusek:

-Nik ere ez zaitut gaitzesten; zoaz eta ez egin berriro bekaturik.

Joan 8,3-11

Liburuko ariketak

38 eta 39. orrialdeetan aurreko narrazioa ageri da, irudi eta guzti. Ondo legoke hasieran haur bakoitzak irakurtzea, eta, gero, taldean hitz egin ondo ulertu ez dituzten alderdiei buruz.

40. orrialdeko galderei erantzuteko unea iritsi da. Pentsa dezagun:

a) Noiz jokatu dugun Jesusek bezala, hau da, noiz barkatu dugun berak egiten duen moduan, Jainkoaren izenean, Jainko Aita beti baitago prest barkatzeko.

b) Noiz jokatu dugun emakumea akusatzen zuten horiek bezala, hau da, noiz izan dugun bihotz gogorra eta ez dugun eskaini barkamena, edo noiz ez dugun aitortu geuk ere bekatu egiten dugula.

41. orrialdean Ebanjelioko pasarte batzuk ditugu. Horietan Jesusek barkamenari buruz hitz egiten digu. Taldean irakurri eta komentatu ondoren, katekistak gaiaren muina eta funtsa nabarmendu behar ditu: Jesusek, Jainkoaren barkamena ekartzeaz gain, bakartzeaz gain, gauza bera egitera gonbidatzen gaitu, besteak barkatzera gonbidatzen gaitu.

Jauna, senide batek bidegabekeriaren bat egiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?

-Zazpi aldiz ez, zazpi milatan zazpi aldiz.

Izan zaitezte errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala. Ez gaitzetsi inor eta Jainkoak ere ez zaituzte gaitzetsiko; ez kondenatu inor eta Jainkoak ere ez zaituzte kondenatuko.

Lukas 6,36-37