01 Ezagutu nahi al duzu Jesus? “zatoz eta ikusi”

Katekesiko taldean elkar ezagutzen dugu eta hobeto ezagutzeko aukera dugu. Katekistok Jesusengana hurbiltzen lagundu nahi diegu haurrei, ziur gaude-eta merezi duela ezagutzea eta adiskiderik minenari bezala jarraitzea.

Guztiak bila dabiltza Non bizi zara? Zatozte eta ikusiko duzue

MEZUA

Katekesiko ikasturte honetan, elkarrekin, Jesus ezagutuko dugu.

HELBURUA

· Jesus ezagutzeko jakin-mina piztu.

Gure esperientzia

- Zergatik gaude hemen, katekesian? Zertarako?

- Nork ekartzen zaituztete katekesira?

- Zer egingo dugula esan dizuete?

- Badakizu ezer Jesusi buruz?

- Etxean, hitz egin dizuete noizbait Jesusez?

- Zer kontatu dizuete berataz?

- Nork daki zer ospatzen den Eguberrietan? Eta Aste Santuan?

Haurraren liburua zabaldu

  • Koadernoko 8. orrialdean pertsonaia batzuk azaltzen dira marraztuta, hainbat eginkizun burutuz. Gauza bat lortu nahi da: haurrek balore miresgarriak aurki ditzatela gure inguruko gizakiengan. Haurrak idatz ditzala koadernoan egiteko horiek eta gero denen artean komentatu.

Katekistak, haurrek ezagutzen dituzten pertsonaia garrantzitsuez galdetuko du, zeintzuk diren miresten dituzten gizakiak, “gauza handiak” egin dituztenak. Imitatzea edo jarraitzea merezi duen lagunik ezagutzen duten.

  • Pertsonaia desberdinen argazkiak eraman ditzakete: kirolariak, artistak, misiolariak, beste gizaki batzuei laguntzen dieten pertsona arruntak... imita dezakegun baloreren bat erakusten digutenak: konstantzia kirolean, arte-lan baten edertasuna; elkartasuna, eskaintza eta zerbitzua; adiskidetasuna, aldarte ona, atsegintasuna, adimena, kemena, zintzotasuna…

  • Denen artean azalduko dute zergatik diren “harrigarriak”, miresgarriak, aurkezten diren argazkietako pertsonaiak. Argazkietako bakoitzak irudikatzen duen balorea laburbilduko duen hitza bilatuko dute guztien artean, aurretik aipatutakoa aintzat hartuta. Haur bakoitzak argazkiren bat itsatsiko du bere koadernoan eta deskubritutako baloreak apuntatuko ditu. (Koadernoko 9. orrialdean horretarako tokia dago).

  • Koadernoko 5.orrialdeko irudian, ebanjelioen liburua ikus daiteke neskato baten eskuetan. Haurrek azala kolorezta dezakete eta zabaltzen saiatu (marraztutako eskuineko, goiko eta beheko ertzak ebakiz).

Ebanjelioetako kontakizuna

Duela bi mila urte inguru idatzitako liburuak dira eta Jesus ezagutzeko aukera ematen digute: nola bizi izan zen, zer egin zuen, zer esan zuen… Lau dira eta idazleen izenez ezagutzen dira: Mateo, Markos, Lukas eta Joan; hauek dira lau ebanjelariak.

Hurrengo egunean, berriro ere, bertan zegoen Joan bere bi ikaslerekin. Jesus handik igarotzen ikusirik, esan zuen: “Hona hemen Jainkoaren Bildotsa”.

Bi ikasleek, hori entzutean, Jesusi jarraitu zioten. Jesusek, atzera begiratu eta ondoren zetozkiola ikusirik, galdetu zien: “Zeren bila zabiltzate?”

Haiek erantzun: “Maisu, non bizi zara?”

Jesusek esan zien: “Etorri eta ikusi”.

Joan, non bizi zen ikusi eta berarekin gelditu ziren egun hartan. Arratsaldeko laurak aldea zen. Joan, 1, 35-39

Zatoz eta ikusi

Jesusen lehen adiskide edo ikasleak berataz arduratu ziren eta “Non bizi zara?” galdetu zioten. Guk ere ezagutu nahi dugu eta hara zer erantzuten dion gure galderari: “Zatoz eta ikusi”. “Ikasleak, joan, non bizi zen ikusi eta berarekin gelditu ziren egun hartan.”

Geuk ere, urte honetan, Jesus ezagutuko dugu apurka-apurka, berarekin hitz egingo dugu eta esaten eta egiten duena geureganatzen ahaleginduko gara.

Katekistak berak egingo du otoitz labur bat: “Jesus, haur hauek Zu ezagutzea nahi dute eta, ni bezala, zure adiskide izan daitezela… Eskerrak ni aurkitzeagatik”.