05 Jesusek bat egiten du Zakeorekin

Seguruenez, gure taldeko neskato eta mutikoek bizi izan dute noizbait ikusteko, harekin egoteko, irrikaz zeuden norbaitekin bat egiteak ematen duen poza.

Topaketa hori are pozgarriagoa da besteak ere gurekin egoteko gogoa duela jakiten badugu, eta luze eta zabal hitz egiteko eta elkarren berri izateko aukera badugu.

Horrelakoa da Jesusekiko topaketa. Norbaitek bene-benetan bilatzen duenean, Bera haren bila irteten da eta bere adiskidetasuna eskaintzen dio. Jesusekin elkartzen dena eta adiskide min bezala ikusten duena bizimoduz aldatzeko eta Bere antzeko izateko prest dago.

MEZUA

Jesusekin bat egiten duenak bere bizimodua aldatzen du.

HELBURUA

  • Jesus, bilatzen badugu, gurekin bat egitera irteten dela ikusi.

  • Jesusekin bat egitearen eta Berarekin hitz egitearen (otoitz egitearen) poza bizi.

Ebanjelioetako kontakizuna

Jesus Jerikon sartu eta herrian barrena zihoan.

Bazen han Zakeo izeneko gizon bat, zergalari-burua, oso aberatsa. Jesus zein zen ikusi nahirik zebilen, baina ezin zuen jendearengatik, txikia baitzen. Lasterka aurrerago joan eta pikondo batera igo zen, Jesus ikusteko, handik igaro behar baitzuen.

Jesusek, hara iristean, gora begiratu eta esan zion:

-Zakeo, jaitsi berehala, gaur zure etxean gelditu behar dut eta.

Jaitsi zen, bada, berehala eta pozik hartu zuen etxean.

Hori ikusirik, denak marmarka hasi ziren:

-Bekatari baten etxera joan duk ostatuz.

Zakeok, berriz zutiturik, Jaunari esan zion:

-Jauna, neure ondasunen erdiak behartsuei ematen dizkiet eta, inori ezer ostu badiot, lau halako bihurtuko diot.

Jesusek esan zion:

-Gaur iritsi da salbamena etxe honetara, gizon hau ere Abrahanen ondorengoa baita. Izan ere, Gizonaren Semea galdua zegoena bilatzera eta salbatzera etorri da.

Lukas 19, 1-10

Elkarrizketa

- Ze pertsonaia agertzen da irakurri dugun kontakizun honetan?

- Zeintzuk doaz Jesusen ondoan?

- Zer egiten eta esaten du Jesusek?

- Zein da Zakeoren lana?

- Nola erantzuten dute besteek?

- Zer sentitzen du eta zer esaten du Zakeok Jesus bere etxean hartzean?

- Azkenean, zer esaten dio Jesusek Zakeori?

Koadernoko ariketak

  • 32. orrialdean autobusen geltokia ikus dezakegu. Bertan, lagunarteko hainbat topaketa ikus daiteke. Antzeko egoerarik bizi izan duten galdetuko diegu haurrei; beraiek nola bizi izan duten kontatzea komeni da.

  • Gero, marraz dezatela 33. orrialdean bakoitzak gogoratzen duen topaketa.

Jesusekin bat egiten duenak bere bizimodua aldatzen duela, hobea eta zoriontsuagoa dela nabarmenduko dugu berriro ere.

Zakeo pozik dago; Jesus bere etxera doa (Jesusek berak gonbidatzen du bere burua)

  • Jesusekin bazkaltzen du, berarekin dago. Bere bizimodua aldatzen da.

Zertan nabaritzen da hau?

  • Txiroei ematen die bere dirua.

  • Ostutakoa itzultzen du.

  • Zoriontsu da egin duenagatik.

  • Jesusek Zakeok egiten duena onartzen du.

Osasuntsuek ez dute sendagilearen beharrik, gaixoek baizik.

Jesusek begiratu, deitu eta salbatu egiten gaituela ikus dezatela haurrek. Gure bizimodua hobetzen laguntzen digu.