12 Jesus piztu egin da Bizirik dago gure artean

Pazko misterioa osotasunean aurkezten da: Jesusen eskaintza gurutzean hil arte eta haren piztuera, Aitaren ahalmenagatik.

MEZUA

Jesus gurutzeratua piztu egin da eta gure artean dago. Jesusek bere bizia eman zuen gugatik gurutzean hil arte, eta Aitak heriotzatik jaso du.

Ikasleek era harrigarrian bizi izan zuten Jesus berpiztuaren presentzia, harekin izandako hainbat topaketetan.

Jesus berpiztua gaur gure artean bizi da.

HELBURUAK

  • Jesus piztu izanak kristauentzat zer esan nahi duen ulertu.

  • Jesus gure artean bizirik dagoela ikusi.

Ebanjelioetako kontakizuna

  • Ezin dugu pentsatu haurrek Jesusen “berpizkundea” uler dezaketenik, misterioz betetako esparru batean gaude eta. Apostoluek eta Jesusen ikasle ziren gizon eta emakume batzuek Jesus berpiztuarekin izan zuten topaketa-esperientziara hurbilduko ditugu. Jesusekiko topaketa-esperientzia hau geuk ere bizi dezakegu.

  • Jesusen berpizkundea ezusteko handia izan zela apostolu eta ikasleentzat eta itzelezko poza eragin ziela esango die katekistak haurrei. Ez zuten espero, Jesus bizirik zegoela ikusi zuten pozez gainezka. Gurutzean hil aurretik beraiek ezagutu zuten Jesus bera zen. Baina orain, beste bizi-egoera batean zegoen: ez zen berriro hilko.

Biziak heriotza gainditzen du

Egun hartan bertan, ikasleetako bi Emaus izeneko herrixka batera zihoazen, Jerusalemdik hamaika kilometrotara. Gertakari guztiotaz mintzo ziren elkarrekin. Eta, hizketan eta eztabaidan ari zirela, Jesus bera ondoratu zitzaien eta beraiekin joan zen. Baina ikasleek begiak itsu zituzten eta ez zuten ezagutu. Jesusek esan zien:

- Zeri buruz zoazte bidean elkarrekin hizketan?

Haiek gelditu egin ziren, aurpegia ilun, eta beraietako batek, Kleofas zeritzanak, honela erantzun zion:

- Zeu izango zara egun hauetan Jerusalemen gertatu dena Jakin ez duen kanpotar bakarra!

Hark galdetu zien:

- Zer gertatu da, bada?

Haiek erantzun zioten:

- Jesus Nazaretarrarena; profeta handia zen hitzez eta egitez Jainkoaren eta herri osoaren begitan; baina gure apaizburu eta agintariek heriotzara kondenatu dute eta gurutziltzatu. Guk uste genuen berak askatuko zuela Israel; baina badira hiru egun hori gertatu dela. Egia da gure arteko emakume batzuek harriturik utzi gaituztela: goizean goiz joan dira hilobira eta ez omen dute gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dela esan dieten aingeru batzuk agertu zaizkiela esanez etorri zaizkigu. Gutako batzuk ere izan dira hilobian eta emakumeek esan bezala aurkitu dute guztia; baina bera ez dute ikusi.

Orduan Jesusek esan zien:

- Bai buru gutxikoak zaretela, bai motelak profetek esana sinesteko! Ez ote zuen Mesiasek hori guztia sufritu behar bere aintzara iristeko?

Eta Moisesengandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuek berari buruz zioten guztia azaldu zien. Zihoazen herrixkara hurbildu zirenean, aurrera jarraitzeko keinua egin zuen Jesusek. Baina haiek arren eta arren eskatu zioten:

- Geldi zaitez gurekin, berandu baita eta iluna gainean dugu.

Eta herrian sartu zen haiekin gelditzeko. Ondoren, elkarrekin mahaian jarri ziren, eta Jesusek, ogia harturik, bedeinkazioa esan, zatitu eta eman egin zien. Orduan, begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu egin zuten, baina Jesus desagertu egin zitzaien begi aurretik.

Haiek elkarri esan zioten:

- Ez al geneukan barrua sutan, bidean Liburu Santuak azaldu mintzo zaigunean?

Berehala jaiki eta Jerusalemera itzuli ziren; eta Hamaikak eta hauen lagunak bildurik aurkitu zituzten, honela ziotela:

- “Egia da! Biztu da Jauna eta Simoni agertu zaio”

Bi ikasleek bidean gertatua eta nola ogia zatitzean ezagutu zuten kontatu zieten.

Lukas 24, 13-35