12 Zoazte Jaunaren bakean!

Eukaristia, maitasuna eta zerbitzua gauza bera dira funtsean. Eukaristian, Jesusek bere burua maitasunagatik eskaini zuela, maitasunagatik bizitza eman zuela, gogoratzen dugu. Baina, era berean, Eukaristia eskakizuna ere bada: maitasuna eta zerbitzua eskatzen zaigu ospatzen dugunoi. Ez da nahikoa gogoratzea; ospatutakoa bizi egin behar da, Jesusek egindakoa eta Jesusek egin zuen bezala.

MEZUA

Eukaristia eta zerbitzua elkarri loturik daude. Eukaristia Jesusen azken afariaren oroigarria da, baina haren bizi osoaren sintesia ere: etengabeko maitasun eta zerbitzua gizakien alde.

Jesus Eukaristiaren ogian dago, baina baita anai-arrebengan ere, behartsuengan batez ere.

Eukaristia ospatzeak elkartasuna eta besteenganako zerbitzua eskatzen ditu; anai-arreben bitartez Kristori zerbitzatzea da.

HELBURUAK

  • Konturatzea badela jendea bere bizia besteen zerbitzuan ematen duena.

  • Jesusek “oinak garbitzea” egiten duen zeinuaren esanahia deskubritzea, eta Eukaristiaren ospakizunari lotzea.

  • Gure bizian gauza bera egitera Jesusek egiten digun gonbitea onartzea.

Jaunaren Hitza

Bazko-jaia gainean zen. Jesus bere ikasleekin ari zen afaltzen. Mahaitik jaiki soingainekoa erantzi eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu zuen. Ondoren, ura konketara bota eta ikasleei oinak garbitzen hasi zen, eta gerrian zuen eskuzapiaz lehortzen. Simon Pedrorengana iritsi zenean, honek esan zion:

-Jauna, zuk niri oinak garbitu?

Jesusek erantzun zion:

-Ni egiten ari naizena zuk ez duzu orain ulertzen, geroago ulertuko duzu.

Oinak garbitu zizkenean, soingainekoa jantzi, berriro mahaian eseri eta esan zien:

-Ulertzen duzue egin dizuedana? Zuek maisu eta Jauna deitzen didazue, eta arrazoi duzue, halaxe bainaiz. Beraz, nik, Jauna eta Maisua naizen honek, zuei oinak garbitu badizkizuet, zuek ere garbitu oinak elkarri. Ikasbide eman dizuet, nik zuekin bezalaxe joka dezazuen.

Joan 13, 1-15

Jesusen zeinua ulertzen lagunduko du katekistak: hautsez beteriko bideetan ibili ondoren, ura eskaintzen zitzaien bidaiariei oinak garbitzeko, edo morroiek garbitzen zizkieten...; Jesusek hori bera egin zien ikasleei eta haiek asko harritu ziren... zeinu horren bidez, Jesusek zerbait garrantzitsua esaten die ikasleei. Horixe deskubrituko dugu orain denen artean: zer esan nahi du Jesusen zeinuak?

Ikasbide eman dizuet, zuek ere nik zuekin bezalaxe joka dezazuen.

Irakurri 92. orrialdea; badute zerikusirik Aita Damianek ekintzek eta Jesusen ekintzek?

Jesusek esan zuen:

“Gose nintzen eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoen, eta jantzi egun ninduzuen; gaixo eta bisitatu; kartzelan, eta ikustera etorri”

“Nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, niri egin zenidaten”

Mateo 25, 35-36.40

Katekistak “senide txikienengan” Jesusen presentzia dagoela ikustarazi behar die haurrei, “txiki” horiek nor diren azalduz: gaixoak, bizitzeko behar diren gauzak ez dituztenak, kartzelan, edo beste bakartasun-egoera batzuetan daudenak…; zer esan nahi du jaten, jaten..... ematea? Edo ikustera joatea.....? Hori guztia ere “oinak garbitzea” da.

Eukaristiak bizitzan du segida.

Jesusek bere testiguak izatera bidaltzen gaitu.