03 Sakramentuek, Jesusen bidez, Jainko Aitarekin elkartzen gaituzte

Haurrek ospatu dute Bataioa dagoeneko; aurreko urteko katekesian landu genuen hori. Ikasturte honetan Barkamenaren sakramentua eta Eukaristia ospatuko dituzte lehenbiziko aldiz. Zazpi sakramentuen funtsezko esanahia ulertzen saiatuko gara; sakramentuok, beren ageriko materialitatearen bitartez –ura, ogia, esku-jartzea–, Jainkoarekin elkartzen gaituzte, Haren bizia ematen digute eta gurea eraldatzen.

MEZUA

Sakramentu-zeinuetan –bereziki zazpi sakramentuetan– Jesus bizirik aurkitzen dugu, Jesusez “hitz egiten” digutelako, harengana eramaten gaituztelako, eta sakramentuetan Jesus agertzen zaigulako, Espirituaren indarrez.

HELBURUAK

  • Sakramentuak orokorrean zer diren ulertzea, hau da, sakramentuak zeinu batzuk direla ikustea, Jesus gure bizitzan dagoela adierazten digutenak.

  • “Zazpi sakramentuen” funtsezko esanahiaz jabetzea.

Jaunaren Hitza

Jesus berpiztuak honela esan zien dizipuluei:

“Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuz eta nik agindu dizuedan guztia betetzen irakatsiz.

Eta ni zuekin izango nauzue egunero munduaren azkenera arte.”

Mateo 28, 19-20

23. orrialdean Jesusek eta apostoluek egin zituzten zeinuak daude marraztuak. Bakoitzari buruz hitz egingo dugu… Libre dagoen aldean haurrek idatz dezatela zerbait zeinu horiei buruz, edo zeinuetako bati buruz.

Barneratzea eta sakontzea

24. eta 25. orrialdeak landuko ditugu orain: Jesusengandik heldu zaizkigu zazpi sakramentuak eta denek jartzen gaituzte Jesusekin harremanetan. Hau da ariketa: lot dezatela lauki bakoitza bere zeinuarekin, zenbaki baten bidez. Sakramentuak adierazten dituzten zeinuak zenbakituak daude eta haurrak loturak egin behar ditu. Horretarako, jakina, aurretik sakramentu bakoitza azaltzen duen testua irakurri eta komentatu beharra dago.

Bataioa: Jainkoak bere bizitza ematen digu eta bere seme edo alaba egiten.

Sendotza: Jesusek Espiritu Santuaren indarra ematen digu, bere jarraitzaile zintzoak izan gaitezen.

Eukaristia: Jesusek bere mahaira gonbidatzen gaitu; gure bizitzarako janari bihurtzen da.

Adiskidetzea edo Penitentzia: Jainkoak onartu egiten gaitu, barkatu egiten digu, haren seme edo alaba maitatuak baikara.

Gaixoen oliadura: Jainkoak bere indarra ematen dio gaixoari bizitzaren momentu latz horretan.

Ezkontza: Gizon batek eta emakume batek maitasuna adierazten eta agintzen diote elkarri Jainkoaren aurrean, senar-emazte bihurtuz.

Abadetza: Gizon bat kristau elkartearen buru eta zerbitzari izateko aukeratzen da.

Fede adierazpena

26. orrialdean Jesusen esaldi hau dago: “Ni zuekin nauzue egunero”. Horri buruz hitz egingo dugu, bereziki nabarmenduz Jesus sakramentuen bitartez gure artean dagoela.

Eta haur bakoitzak hutsik dagoen tokian honako esaldi hau idatziko du (“Jesus Jauna da” kristau ikasbidetik hartua): Sakramentuak ospatzen ditugunean Jesus Berpiztuarekin elkartzen gara eta Espiritu Santuaren grazia, argia eta indarra hartzen ditugu.