10 Hitz egin eta entzun

Beti komunikatu gaitezke gure Jainko Aitarekin

Harreman edo komunikaziorako gaitasun nabarmena dute 6-7 urteko haurrek. Gauza berriak ikasten ari dira eta haien hiztegia zabaltzen ari da. Gogoko dute mintzatzea, galdetzea eta entzunak izatea; ongi egindakoagatik onarpen-hitzak eta txaloak jasotzea ere gogoko dute, aurrera egiteko indarra hartuz. Haurrei ere hitzek bizia ematen diete.

MEZUA

Zorte ederra dugu besteekin harremanetan jarri ahal izatearekin. Komunikazio-bide asko dago, baina hitza dugu bide nagusia. Komunikazioa ona izan dadin, hitz egin behar da, eta, neurri berean, entzuten jakin. Txikitandik hasten gara elkarrekin komunikatzen.

Jainkoa komunikatu egiten da gurekin. Arretaz eta maitasunez hitz egiten digu eta entzuten, gure Aita delako; seme-maitasunez hitz egin eta entzuten diogu.

HELBURUAK

  • Hitzaren bidez elkarren berri izateak ematen digun poza adierazi.

  • Arretaz begiratu gure inguruan gertatzen denari, batik bat jendeari gertatzen zaionari.

  • Hitz egin Jainkoarekin “Gure Aita” otoitzaren bidez.

Elkarrizketa

  1. Zeinek erakutsi dizue berba egiten? Zelan?

  2. Zeintzuk dira umeek lehenengo ikasten dituzten berbak?

  3. Norekin gustatzen zaizue berba egitea?

  4. Azken aldi honetan ikasi duzue berba berririk?

  5. Zuei jaramon egin eta entzunak izatea gustatzen zaizue?

  6. Badira berba egiteko edo entzuteko gai ez direnak edo zailtasunak dituztenak?

  7. Ikusi dituzue mutuak eta gorrak elkarrekin komunikatzen? Zelan egin dute?.

  8. Jaungoikoari berba egiteko eta entzuteko gai gara? Zelan egiten hori jendeak?

Orain haurraren liburua zabaldu

  • Entzutea eta aditzea da 55. orrialdean aurkezten zaigun gaia. Neskatila dugu irudian, eta neskatilaren ahotik loreak ateratzen dira, hitzak bailiran. Mutiko baten belarria ere ageri da; lore-hitz horiek mutikoaren belarrira doaz. Silaba batzuk daude idatzita goialdean; horiekin zenbait hitz osatzeko aukera dugu.

  • Lau lagunez osatutako adiskide-taldea ikus daiteke 56. orrialdean. Irudien gainean, hitzik gabeko bunbuilo batzuk ageri dira. Haurrek asmatu egin behar dute zer esaten ari diren lagunen arteko elkarrizketan.

HITZIK ONENA

Gurasoak hau esaten die haurrei: Jainkoak gure hitzak entzun nahi ditu, eta guk Haren hitzak entzutea nahi du. Hori da otoitz egitea: Jainkoari hitz egitea eta Jainkoari entzutea, asko maite gaituen eta asko maite digun Jainko Aita/Amari.

Jesusek bere ikasleei “Gure Aita” erakutsi zieneko pasartea irakurriko du gurasoak .

“Jesusek bere ikasleei esan zien:

Zuek honela egingo duzue otoitz:

“Gure Aita zeruetan zarena; santu izan bedi zure izena, etor bedi zure erreinua, egin bedi zure nahia, zeruan bezala lurrean ere.

Emaiguzu gaur egun honetako ogia; barka gure zorrak guk ere zordunei barkatzen diegunez gero; eta ez gu tentaldira eraman, baina atera gaitzazu gaitzetik”.