16 Loreak amarentzat

Loreak Mariarentzat, Jesusen ama eta gure ama

Lore-hila izan da aspalditik maiatza. Toki askotan hil honetako egun batean ospatu ohi da “amaren eguna”. Egia da merkataritza-indarrek beren menpe hartu nahi dutela jai hau, amari egun horretan egin behar zaizkion oparien garrantzia azpimarratuz. Gure gizarteko jokabide horretan oinarrituz, Jainkoaren eta guztion Ama Mariarengana bideratuko ditugu gure urratsak. Maria ospatzen dugu, eta Mariarekin egiten dugu jai. Maiatzean haurrek Ama Birjinari loreak eskaintzeko ohitura handia dago. Katekesi gai honek lagundu egingo die haurrei kristau-esperientzian Mariak duen tokia ezagutzen.

MEZUA

Maria Jesusen ama dugu, eta Jesusen adiskide eta jarraitzaile guztien ama. Jainkoa hurbil sentitzearen poza bizi izan zuen Mariak, Jainkoaren maitasuna eta samurtasuna hurbil sentitzearen poza. Poz hori ez zuen ezkutatzerik izan. Berak lagunduko digu poz hori bizi eta adierazten.

HELBURUAK

  • Jainkoaren errukia eta maitasuna abesten duen Mariaren poza bizi.

  • Ama dugula eta ama-bihotzez zaintzen gaituela sentitu.

Elkarrizketa

  1. Katekistak Mariari buruz hitz egiten die, Jesusen ama eta gure ama den Mariari buruz. Berak asko maite gaitu, zaindu egiten gaitu eta Jesusengana eramaten. Guk ere maite dugu bera, eta era askotara azaltzen diogu gure maitasuna.

  2. Jai egiten dugu Mariarekin, haren jaia ospatuz: deitu egiten diogu eta loreak eramaten dizkiogu, Jainkoaren nahia egin zuelako beti. Berak erakusten digu Jainkoaren seme-alaba zintzo izaten eta berak laguntzen digu horretan.

  3. Ama Birjinaren beste zein izen edo deitura ezagutzen duzue?

  4. Inoiz izan al zarete Ama Birjinaren eliza edo santutegiren batean? Non? Norekin? Nola ospatzen zen jaia?

  5. Zer egiten zuen jendeak? Errezatu? Abestu? Elkarrekin bazkaldu?

  6. Ba al dakizue noiz ospatzen den Ama Birjinaren festaren bat?

Orain haurraren liburua zabaldu

  • 96. eta 97. orrialdeetan haurrak loreak bildu eta amari eramaten ari direla ikusten da. Han barrenean, Ama Birjinaren irudia ikusten da lorez apainduta. Gure ama denez, askok eta askok maite dute Ama Birjina, eta era askotara adierazten diote maitasuna; adibidez, loreak eskainiz.

  • Haurraren liburuko 98. eta 99. orrialdeetan Maria eta Jesus haurraren irudia ikus daiteke. Haur batzuk Mariari loreak eramaten ageri dira. “Agur Mariaren” hitzak dauzkagu 98. orrialdean.

  • Katekesi-taldeko haurrek euren burua marraztuko dute 99. orrialdearen eskuinaldean. Mariari loreak eramanez azalduko dira marrazkian, irudian ageri diren haurrekin bat eginez.

HITZIK ONENA

“Jesus jendeari hizketan ari zitzaiola, emakume batek jendartetik deiadarka esan zion:

-Zorionekoa sabelean eraman zintuen eta bularra eman zizun emakumea!

Baina Jesusek esan zuen:

-Zorionekoak, bai, Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak!”

Jainkoaren nahia betetzeagatik da handia Ama Birjina, horregatik deitzen dio Jesusek zorioneko. Guk maite dugu, eta gure maitasuna azaltzen diogu. Ospatu egiten dugu berak maite gaituela. Otoitz egiten diogu, seme-alaba on eta elkarren senide izan gaitezen, Jesusen antzera. Hori da Jainkoaren hitza betetzea.