13 Jesusen Espirituak ausart bihurtzen gaitu

Jesusek, lurretik joan eta ikusezin egin aurretik, bere Espirituaren indarra bidaliko ziela agindu zien ikasleei, munduan zuten egitekoa bete zezaten.

Apostoluek eta Jesusen ikasleek Espiritua jaso zutenean, indarrez bete ziren, eta ausardiaz iragartzen zuten nor zen Jesus, zer egin zuen Jesusek gugatik eta Berak irakatsi zigun bezala bizi behar genuela.

Geuk ere jasotzen dugu Jesusen Espiritua, Espiritu Santua, Jesusen testigu izateko, Jesus piztu egin dela eta on egiten jarraitzen duela iragarriz.

MEZUA

Jesus berpiztuak bere Espiritua ematen die atzoko ikasleei eta garai guztietako ikasleei.

Jesusen Espirituak ausardia ematen digu testigu izateko. Jesus gure artean bizi dela iragartzen laguntzen digu.

HELBURUAK

  • Jesusek ez gaituela bakarrik uzten, bere Espiritua ematen digula, sentitu.

  • Jesusen Espirituarekin Jesusen antzera jokatzeko ausart sentitzen garela aitortu.

Gure esperientzia

Denok dugu egitekoak gauzatzeko adorea eta arnasa ematen duten lagunen esperientzia. Adorea jasotzeak asko laguntzen du, aurrera egiteko, beldurrak gainditzeko, ausart agertzeko...

- Gustuko dituzue besteen adore-oihuak zuen egitekoak betetzerakoan?

- Nork adoretzen zaituzte?

- Ze esamolde erabiltzen dute?

- Zer sentitzen duzue animatzen zaituztenean? Indartsuago ikusten duzue zeuen burua?

- Adoretu duzue norbait zerbait egiteko? Nola egin duzue?

- Zer eragin izan du zuen adoreak lagun horiengan?

Itun Berriko kontakizuna

Pazkotik berrogeita hamar egunera, toki berean bildurik zeuden guztiak. Ateak itxita zeuzkaten, juduen beldur.

Bat-batean, haize-boladarena bezalako burrunba etorri zen zerutik eta beraiek zeuden etxe guztian oihartzun egin zuen. Orduan, suzko mihiak bezalako batzuk ikusi zituzten, bakoitzaren gainean bana kokatzen. Denak Espiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzez hitz egiten hasi, bakoitza Espirituak eragiten zion eran. Hurrengoa esaten zuten:

- Jainkoak Jesus berpiztu du. Honen testigu gara gu eta Espiritu Santua.

Haiek entzutera herrialde guztietatik etorritako gizon-emakumeek Jainkoaz hitz egiten entzuten zieten. Harriturik gelditu ziren guztiak, bakoitzak bere hizkuntzan entzuten zielako. Apostoluen Eginak 2, 1-11

Koadernoko ariketak

Haurrek 94. eta 95. orrialdeetan irekiko dute beren liburua. Lehenengo, isilean, testua irakurriko dute eta gero katekistak haurrekin komentatuko du testua. Espiritu Santua ikusten ez dugunez, sinbolo eta irudien bidez aurkezten dugu. Gauza bera gertatzen zaigu maitasunaz, adiskidetasunaz... hitz egiten dugunean: sinbolo jakin batzuk behar ditugu: bihotza, eskuak elkarturik...

Espiritua gogor putz egiten duen haizearekin konparatuko dugu; argitzen eta berotzen duen suarekin.

Ondoren, haurrekin hitz egingo dugu, hurrengo galderen inguruan:

- Non eta nola aurkitzen ziren apostoluak Espiritu Santua heldu baino lehen?

- Zergatik zeuden ezkutatua? Beldur ziren?

- Ze aldaketa gertatzen da Apostoluengan Espiritu Santua iristen denean?

- Apostoluak ausardiaz beteta kalera irteten direnean, zer iragartzen dute? Zertaz hitz egiten dute?

- Nola erantzuten du entzuten ari den jendeak?

96. orrialdeko irudi horietan, triste, etsita, indarrik gabe dauden lagunak ikus ditzakegu.

97. orrialdean irudi positiboak ikusiko ditugu. Haurrek orrialde honetako irudiak interpretatu eta koloreztatu egingo dituzte eta goialdean dagoen galderari erantzun: “Noiz jardun du Jesusen Espirituak gugan”; gainera, behealdeko esaldia osatuko dute.