04 Jainkoarengandik urrun? Hurbil hobe!

Fedean hasten ari garen etapa honetan, haurraren kontzientzia morala itzartzen ari da. Bere ekintzen balioaz konturatzen da eta badaki batzuetan “gauza onak” eta besteetan “gauza txarrak” egiten dituela. Halaber, giro egoki batean, bere “aldrebeskeriak” igarri ditzake. Izan ere, haurrek badute “bekatuaren” eta “damutasunaren” esperientzia, nahiz eta oso azalekoa izan.

MEZUA

Jainkoak Maitasun mugagabeaz maite gaitu eta Jesusek, bere semeak, zoriontsu izateko bidea erakusten digu. Bekatu egitea Jainkoarengandik urruntzea da, maitasun horri “ezetz” esatea; halaber, bekatu egitea Jesusek erakusten digun bidetik urruntzea da. Horregatik guztiagatik bekatuak gure bizitza eta besteena hondatzen du.

HELBURUAK

  • Jainko Aitaren maitasun mugagabearen eta miserikordiaren berri jasotzea.

  • Bekatuaren kontzientzia ernatzea, Jainko-maitasunari eta Jesusen adiskidetasunari dagokienez.

Jaunaren Hitza

Jesusek esan zuen:

“Gizon batek bi seme zituen. Gazteenak esan zion aitari:

-Aita, emadazu dagokidan senipartea.

Eta aitak ondasunak banatu zizkien. Handik egun gutxira, seme gazteena, zituen guztiak bildurik, urrutiko herrialde batera aldegin zuen eta han, galdukerian biziz, ondasun guztiak jan. Dena xahutu zuenean, gosete ikaragarria gertatu zen inguru hartan eta estu aurkitzen hasi zen. Orduan, herrialde hartako gizon batengana joan zen morroi eta hark bere sailetara bidali zuen txerrizain. Txerriek jaten zuten ezkurrez asetzeko gogoa ematen zion, ez baitzion inork jaten ematen. Orduan, pentsatzen jarririk, bere baitan esan zuen:Zenbat langile gure aitarenean nahi adina ogi eta gehiago dutela, eta ni hemen goseak hiltzen! Jaiki, aitarengana joan eta esango diot: Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure kontra. Ez dut gehiago seme-izenik merezi. Har nazazu zeure langileetako bat bezala.

Jaiki eta aitaren etxera abiatu zen. Oraindik urruti zegoela, ikusi zuen aitak eta errukitu egin zen; eta lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi zitzaion. Semeak esan zion:

-Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure kontra. Ez dut gehiago zure seme izenik merezi…

Aitak, ordea, esan zien morroiei:

-Ekarri bizkor jantzirik onena eta jantziozue, ipiniozue eraztuna eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizendua eta hil; egin dezagun festa-otordua; zeren seme hau hilda bainuen eta biztu egin zait, galdua nuen eta aurkitu egin dut.

Eta festa hasi zuten.

Seme zaharrena soroan zen. Etxerakoan, hurbildu ahala, soinua eta dantzak sumatu zituen. Eta, morroi bati deiturik, zer gertatzen zen galdetu zion. Hark erantzun:

-Zure anaia etorri da eta zekor gizendua hiltzeko agindu du zuen aitak, semea onik bereganatu duelako.

Biziki haserretu zen anaia eta ez zuen sartu nahi. Atera zen aita eta erreguka hasi zitzaion. Baina hark erantzun zion aitari:

-Hainbeste urte da zure agindu bat ere sekula hutsegin gabe zerbitzatzen zaitudala, eta ez didazu egundaino antxume bat ere eman, lagunekin festa egiteko; eta, horrako zure seme hori, zure ondasunak jan dituen hori, etorri dela-eta, zekor gizendua hil duzu.

Aitak erantzun zion:

-Seme, zu beti nirekin zaude, eta nire guztia zeurea duzu! Baina egoki zen poztu eta festa egitea, zure anaia hau hilda baikenuen eta biztu egin zaigu, galdua genuen eta aurkitu egin dugu!”

30, 31, 32 eta 33. orrialdeetan agertzen den testua lantzen hasteko modua honako hau izan daiteke: 1) Katekistak testua irakurriko du eta, gero, haurrei kontatuko die. 2) Haur bakoitzak bere liburuan parabola irakurriko du.

Gero, kontakizunean agertu diren pertsonaia nagusien jarrerak azalduko dira. Hasiera-hasieratik aitaren toki zentrala azpimarratzea interesatzen zaigu, bera baita maitasun eta barkamenaren eredua: berarekin ongi egoten da, bere maitasunaz gozatu daiteke eta bera onartzeko eta barkatzeko prest dago beti. Hori guztia parabolan oso ongi azalduta dago: aitak urrundik ikusten du semea, hunkiturik geratzen da eta korrika hasten da semea besarkatu eta musukatzeko.

Liburuko 34. orrialdean pertsonaia horiei buruzko zenbait galdera dago. Erantzun aurretik komeni da taldean hitz egitea eta haur bakoitzak guztien artean emandako erantzuna idaztea.

a) Nola tratatzen du aitak semeetako bakoitza? Zergatik jokatzen du horrela?

b) Zertan jokatu zuen gaizki seme txikienak? Nola berreskuratu zuen galdutako zoriontasuna?

c) Zertan jokatu zuen gaizki seme zaharrenak? Zergatik ez zen zoriontsu aitaren etxean?

Gu edozein egoeratan egonda ere, Jainkoa Aita on bat da, eta bere ondora itzultzera gonbidatzen gaitu.