05 Haur bat jaioko da

“Semea izango duzu eta Jesus ezarriko diozu izena”

Asko eta nabarmenak dira Eguberri jaiak hurbil ditugula aldez aurretik adierazten dizkiguten ezaugarriak. Ez diegu aurrea hartuko gertakariei: Maria lagun dugula prestatuko ditugu Eguberriak, Jesusen Gizakundearen iragarpenetik hasita.

Komenigarria da Gabriel aingeruak Mariari egiten dion iragarpena haurrek ezagutzea.

Mariarekin joango gara Isabeli egingo dion bisitaldian. Ondo legoke “Deikundea” hitza haurren belarrietan hitz ezaguna izaten astea.

MEZUA

Norbaiten jaiotza iragartzea berri handia da. Jesusen jaiotzaren iragarpena berririk onena da. Jainkoak ez gaitu berri onik gabe utzi nahi.

HELBURUAK

· Presarik gabe Eguberri-jaia antolatu.

  • Jesusen jaiotzaren iragarpen handia ezagutzeak eman digun poza adierazi.

Elkarrizketa

  1. Baduzue neba-arreba txikiagoren bat?

  2. Nork eta noiz esan zizuten neba-arreba hori izango zenutela?

  3. Nolako jarreraz jaso zenuten jaiotzaren berria? Pozez, alaitasunez?

  4. Zuetariko norbaitek ba al du seniderik edota lehengusu-lehengusinarik jaiotzeko? Ba al dakizue noiz jaioko den?

  5. Noiztik dakizue? Nork esanda?

  6. Pozik al daude gurasoak eta etxeko guztiak? Nolako prestaketak ari dira egiten?

Haurraren liburua zabaldu

  • 23. orrialdean irekitzeko eskatuko zaie haurrei, bertako irudia ikusi eta aztertzeko. Haurrek konturatu behar dute ez dela nahikoa Eguberria etortzea: egin egin behar dela.

  • 24. orrialdeko irudian, haurrek haurdun agertzen den emakumeari begiratuko diote. Hor ageri da sehaska ere, laster espero den jaiotzaren adierazle. Gurasoak eskatuko die haurrei azaltzeko ikusten dutena. Ikusitakoaren azalpena egin ondoren, haurrek zuriz agertzen diren aurpegiak marraztu eta margotuko dituzte.

HITZIK ONENA

Bibliak esaten digu Jainkoak gizakiei garrantzi handiko mezua bidali nahi dienean, “aingeruak” bidaltzen dizkiela, “mezulari bereziak”.

Jainkoak Gabriel aingerua bidali zuen Nazaret deritzan Galileako herri batera, Maria izeneko neskatxarengana. Jose izeneko gizon batekin ezkontzeko hitzemana zegoen Maria. Aingeruak Mariarenean sarturik, esan zion:

- Agur Jainkoaren gogoko hori! Jauna zurekin.

Hitz hauek entzutean ikaratu egin zen Maria, eta agur horrek zer esan nahi ote zuen galdetzen zion bere buruari.

Aingeruak esan zion:

- Ez beldurtu Maria! Jainkoak gogoko zaitu. Semea izango duzu, eta Jesus ezarriko diozu izena. Handia izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote.

Mariak esan zion:

- Hona hemen Jaunaren mirabea. Gerta bekit zuk esan bezala.

Eta aingeruak utzi egin zuen.

· Jesusek izango duen garrantzia azpimarratu behar zaie haurrei: Jesus berezi berezia da. Jainkoak gure artean bizi nahi du, gure alde gauza miragarriak egiteko. Horregatik, Jesus izango du izena, hau da, Salbatzailea.

  • Haurrek 25. orrialdean ageri den Jesus Haurtxoaren irudia margotuko dute; haurtxo horren jaiotza iragarri dio Gabrielek Mariari.

  • Gurasoak Mariaren garrantzia azpimarratzen du, Jainkoaren lankide izatea pozez onartzen duen Mariarena, horregatik esaten baitu: “Hemen nauzu Jauna, zuk nahi duzunerako”. Zorionak Maria, Jesusen ama izango zara eta.