01 Jainkoak egina da mundua

Eguzkia, ilargia, mendiak, itsasoa, loreak... Jainko Egileaz hitz egiten digu.

Bizirik gabeko izadiari begira jarriko gara gai honetan, hurrengo gaietan agertuko diren abere eta gizakirik gabeko Izadiari begira. Komeni da haurrak “sortu” eta “ Sortzaile” hitzekin ohitzen joatea. Hauxe da hitz horien esanahia: ezerezetik zerbait egitea; ezerezetik zerbait egiten duena.

MEZUA

Bizileku harrigarria antolatzen dio Jainkoak gizakiari. Sorturiko gauza guztiek, txikienetatik hasi eta handienetaraino, Jainkoaren jakinduria eta handitasuna azaltzen digute, eta Jainkoak gu izan gaituela gogoan gauza guztiak egitean.

HELBURUAK

· Sortutako gauza guztien aurrean harridura piztu eta jakin-mina erakutsi.

· Sortutakoaren mirespenetik Sortzailearenganako onespen eta gorespenera jo.

Elkarrizketa

  1. Izan al zarete inoiz itsasoan edo hondartzan? Zer sentitu duzue?

  2. Zer iruditu zaizue harrigarri?

  3. Inoiz igo al zarete mendira? Altua al da? Zer izen du?

  4. Zein da ezagutzen duzuen ibairik handiena? Bainatu al zarete ibairen baten?

  5. Zein zuhaitz, landare eta lore zaizkigu gogokoen? Ba al da lore edo landarerik zuen etxean?

  6. Nork egin du dena? Nork egin ditu eguzkia, hodeiak, mendiak, ibaiak, itsasoa?

  7. Zertarako eta norentzat egin ditu?

Orain haurraren liburua zabaldu

· Haurrek 4. orrialdean irekiko dute liburua. Isilean, une batean, “Jainkoak egina da mundua” esaldiarekin agertzen den irudiari begira jarriko dira. Banan-banan aipatuko dituzte han ikusten dituzten sorkariak: mendiak, lurbira, itsasoa, ohiana... Hori guztia presaka ibili gabe egin behar dute, xehetasunak ikusi eta adierazteko aukera izateko.

· Bi irudi eskaintzen zaizkigu 5. orrialdean: batean, egunez ageri zaigu; bestean, gauez ageri zaigu. Idatzita ageri zaigun...”eguzkia eta ilargia” esaldi hori, 4. orrialdeko “Jainkoak egina da mundua” esaldiaren jarraipena da. Gauzak egunez, eguzkiaren argitan, ala gauez, ilargiaren argitan, ikustearen arteko aldea adieraziko dute haurrek. Esan dezakete gaua gogoko duten ala ez, eta zergatik. Noizbait gauez etxetik kanpo izan diren ala ez. Ilargia beti neurri eta itxura berean azaltzen al zaigun galdetuko zaie.

HITZIK ONENA

Sorkariak ikustean haurrek egin zituzten galderak ekarriko ditu gogora gurasoak. Gizon-emakumeek, umetatik, galdera berberak egin dituzte historian zehar.

Badugu kristauok Biblia izeneko liburua; liburu horrek esaten digu Jainkoarengan sinesten zuen herrialde bateko gizon emakumeek nolako erantzuna eman zieten aipatutako galderei. Biblia erakutsiz, gurasoak hau esango die: liburu hau, Biblia, pixkanaka-pixkanaka gero eta gehiago ezagutzen eta maitatzen joango zarete.

Gurasoak astiro eta begirunez irakurriko du testu hau.

“Hasieran ez zegoen ezer, Jainkoa eta bere maitasuna besterik ez zen.

Bere hitzez argia sortu zuen, eta ederra zela ikusi zuen; eguna deitu zion,eta gauaren ilunetik bereizi egin zuen. Horrela hasi zen kreazioa.

Gero Jainkoak lurra uretatik banandu zuen; zerua sortu zuen, eta bertan eguzkia, ilargia eta izarrak jarri zituen, egunak eta urteak bereizteko.

Egin zuenagatik pozez beterik, Jainkoak belarrez, lorez eta era guztietako fruituz apaindu nahi izan zuen lurbira.”

  • Gurasoak haurrei 4 eta 5. orrialdeetako irudiak isilean berriro ikusteko eskatuko die. Lehen ikusi dutenari astiro-astiro botatzen dioten begirada berria dute hau, entzun duten hitzaren argira zuzendutako begirada berria.

OTOITZA

Haizea

Haizeak gogor jotzen duenean

Zuhaitzak bere indarrez makurtzen dira

Eta belaontziak ere

Uraren gainean hegaz dabiltzala dirudi

Baina haizea ez dugu ikusten

Baita haizea goxo dabilenean

Gure ilearekin jolasean

Eskegitako arropak lehortuz

Haize hori ere ezin dugu ikusi

Jauna, ez zaitugu ikusten, baina bizi-arnasa zara guretzat.