07 Jesusek bere aitarekin hitz egin du Jesusek berarekin hitz egin dezagula nahi du

7-8 urte bitarteko haurrek gozatu egiten dute nagusiekiko harremanetan: nagusiek gauzak konta ditzatela eta nagusiek eurei entzun diezaietela. Gurasoak dira onenak; horregatik dute horrenbesteko konfiantza haiengan.

Neskato eta mutikoak komunikaziorako uneak bilatzen dituzte, “norbaitekin egoteko” uneak, topaguneak... Hori kontuan izan behar dugu, batez ere korrika eta presaka bizi garen garai honetan; sarritan, denbora gutxi eskaintzen diogu-eta elkarbizitzari, baita senideekin egoteari ere.

MEZUA

Jesus bere Aita Jainkoarekiko harreman estuan bizi da, komunikazio zuzena du Berarekin: beti entzuten dio, uste osoa du Berarengan une oro. Hori erakusten digu Jesusen otoitz egiteko erak.

Jesusek otoitz egiten irakasten digu eta otoitzik onena eman: Gure Aita.

HELBURUAK

  • Jesusek bere Aitarekin hitz egiten duela eta entzun egiten diola ikusi.

  • Gure Aitarekiko topaketa eta harreman pertsonala eragin otoitzaren bidez.

Elkarrizketa

Jesusek, apostoluentzat deigarri den zerbait du: onbera da gizon-emakume guztiekin. Nondik datorkio Jesusi jendea tratatzeko modu hori?

Ikasleek badakite Jesus goiz jaikitzen dena eta, sarritan, sorora edo mendira joaten dena otoitz egitera, Jainkoarekin, bere Aitarekin hitz egitera. Nola egiten ote du otoitz Jesusek?

- Zergatik ote zuen Jesusek hain atsegingarri Jainkoarekin hitz egitea?

- Zertaz hitz egingo ote zuen Jesusek bere Aitarekin?

Askotan ematen dizkio eskerrak Jesusek Aitari.

- Zergatik emango ote zizkion eskerrak?

Jesusek une zailetan eskatzen dio laguntza berarentzat, adb., nekaldia hurbil ikusten duenean. Jesusek indarra eskatzen du Jainkoaren borondatea betetzeko. Pasioan.

Ebanjelioetako kontakizuna

Behin batean, Jesus otoitzean ari zen toki batean; amaitu zuenean, bere ikasleetako batek esan zion:

-Jauna, irakats iezaguzu otoitz egiten, Joanek bere ikasleei irakatsi zien bezala.

Jesusek esan zien:

- Otoitz egitean, esazue:

Aita,

agertu santu zeure izena,

etorrarazi zeure erregetza;

emaguzu egunean eguneko ogia,

eta barkatu gure bekatuak,

guk ere zor diguten guztiei

barkatzen baitiegu,

eta ez utzi gu tentaldian erortzen. Lukas 11, 1-4

Koadernoko ariketak

· 50. orrialdean, haurrek, entzuteko baldintzei buruzko itaunen erantzunak idatziko dituzte.

· 51. orrialdean familia bateko komunikazioa azaltzen da. Haurrek azaldu eta koloreztatu egingo dute.

· 53. orrialdean umeek Gure Aita idatziko dute. Beharbada, haurren batek, euskaraz edo gaztelaniaz gain, beste hizkuntzaren bat jakingo du; hizkuntza horretan idatz dezake

Egiteko

Katekistak, gauez oheratzerakoan eta goizez ohetik altxatzerakoan, Gure Aita errezatzeko esaten die haurrei. Ahal izanez gero, senideren batekin egin dezatela.