10 Jaunaren Hitza!

Hasierako erritoen ondoren kokatua, Hitzaren Liturgia da Eukaristia-bileraren lehen atal nagusia. Hitzaren bidez, gure bizitzarako argia aurkitzen dugu. Berri Ona, duela mende asko gertatutakoa, gaur egun eta hemen, gure bizitza pertsonal eta komunitarioan gauzatzen dela adierazten dugu.

MEZUA

Bibliako irakurgaietan bildutako Jainkoaren Hitza entzuten dugu Eukaristian, eta otoitzean eta bizitzan ematen diogu erantzuna.

HELBURUAK

  • Hitzaren liturgia ulertzen hastea.

  • Bertan parte hartzea, kristau-elkartearen barrenean.

Esperientzia

- Zer dugu beharrezkoa komunikatzeko? (zerbait esan beharra, entzutea, ematen diguten mezuari kasu egitea…)

- Norekin komunikatzen gara? (hurbileko pertsonekin, urrunekoekin, Jainkoarekin…)

Jaunaren Hitza

75. orrialdean: Emausko bidean Jesusek Idazki Sakratuak nola esplikatzen zituen kontatzen da. A) Dizipuluak Jesusi zer gertatu zen esaten. B) Jesus Idazki Sakratuen esanahia azaltzen.

Jesus hil eta hiru egunera, bi dizipulu Emaus izeneko herri batera zihoazen triste. Jesus ondoratu eta esan zien:

-Zeri buruz zoazte bidean elkarrekin hizketan?

Haiek gelditu eta honela erantzun zioten:

-Ez al duzu egun hauetan Jerusalemen gertatu denaren berri? Jesus, gizon miresgarria zena, gurutziltzatu dutela. Guk berarengan jarria genuen gure konfiantza osoa. Gure arteko emakume batzuk hilobira joan dira eta ez dute gorpua aurkitu. Gainera, Jesus bizi dela esan dien aingeru bat agertu zaiela esanez etorri zaizkigu.

Orduan Jesusek esan zien:

-Bai buru gutxikoak zaretela, bai motelak profetek esana sinesteko!

Eta liburu Santuek diotena azaldu zien, gizakiekiko maitasunagatik gurutzean hil behar zuela uler zezaten.

Lukas 24,13-27

74. orrialdean, deszifratu beharreko mezu bat ageri da: “Jainkoak askotan hitz egin zigun profeten bidez. Orain bere semearen bidez hitz egin digu”.

Jainkoa historian zehar pertsonekin komunikatu da. Jainkoaren hitza jaso duten pertsona horietako batzuk “profetak” dira, Lukasen kontakizunak aipatu dituenak; baina Jainkoak beste pertsona askori ere hitz egin die. Jainkoaren komunikazio hori Bibliako liburuetan agertzen da.

Biblia liburu askoren multzo batez osaturiko liburu handia da.

Itun Zaharra: Jesusen etorrera baino lehen idatzitako 45 liburuz osatutakoa.

Itun Berria: Jesusen bizitza eta lehen kristauena kontatzen duten 27 liburuz osatua.

76. orrialdean Itun zaharra eta Itun Berria irudikatzen duten bi paper-biribilkiak daude. Biribilkien inguruan idatziak dauden Bibliako pertsonaiak dagokien lekuan kokatu behar dira.

Zaharra: Isaias, Rakel, Samuel, Sara, Abraham, Moises, David

Berria: Elisabet, Pedro, Andres, Joan Bataiatzailea, Herodes, Maria, Jesus.

Hitzaren liturgia: 1.- Itun Zaharra, 2.- Apostoluen epistolak, 3.- Ebanjelioak.

Zergatik jartzen gara zutunik ebanjelioa irakurtzen dugunean?

Jarrerek badute garrantzia Eukaristia ospatzen dugunean. Nolabaiteko batasuna behar da benetako “elkartea” garela sentitzeko. Bakarrean otoitz egiten dugunean, gehien gustatzen zaigun moduan egingo dugu. Baina batera otoitz egitean, beharrezkoa da denok hitz eta jarrera berak erabiltzea. “Bakoitza bere kontura” ibiliko balitz, ospakizuna ez litzateke elkartearena izango.

Ebanjelioa irakurtzen dugunean zutunik jartzen gara. Aurreko irakurketetan eserita egon gara, baina orain zutunik jarriko gara. Zutunik egoteak adi zaudela adierazten du nolabait, kasu egiten ari zarela, arretaz entzuten ari zarela. Entzungo duguna garrantzitsua da. Jaunaren Hitza entzuten dugu. Jauna azaltzen zaigu, eta zutunik egiten diogu harrera. Zutunik egonda, era berean, honelako zerbait adierazten duzu: “hemen nauzu, nahi duzunerako”. Ez duenak ezer egin nahi edo ardura saihestu nahi duenak burua jaisten du, edo eseri egiten da. Ebanjelioa entzutean zutunik egonda, entzuten ari garena betetzeko prest gaudela adierazten dugu.

Gizakia zutunik, gainera, sinbolo bat da: lurra eta zerua bat egiten dira. Gorantz egiten duen “dorre” baten modukoa da. Hori dela eta, Eukaristia zutunik ospatzen da, horrela, gorantz apuntatzen ari zarelako. Zutunik egotea, era berean, Kristo berpiztuaren adierazpen bat da: Aitak “altxatu” egin zuen Jesus, hau da, “zutunik jarri” zuen, hilen artetik berpiztuta.