11 Eskerrak Zuri Jauna!

Eukaristiaren Liturgia mezaren bigarren atal handia da. Bertan, Azken Afariaren eta Jesusen sakrifizioaren oroitzapena egiten da.

Gai honetan bi zati ikusiko ditugu:

1.- Jesus biziaren Ogi gisa aurkeztuko da.

2.- Jesusengatik egiten dugun esker ematea eta liturgiaren garapena landuko ditugu.

MEZUA

Jesus biziaren Ogia da, berari lotuak bizitzeko Jainkoak ematen diguna. Ogi horretatik jaten dugunok elkarrekin bizitzera deituak gaude. Mezan Jainkoa goretsi eta eskerrak ematen dizkiogu bere semeagatik.

HELBURUAK

  • Eukaristiako ogian Jesusen presentzia sakramentala deskubritzea.

  • Jesusekiko eta besteekiko komuniora deituak gaudela sentitzea.

  • Eukaristia esker emate bezala ospatzea, janarian ematen zaigun Jesusen eskaintzagatik.

Esperientzia

“Ogi batek bere bizitza kontatzen digu” izeneko istorioa irakurriko dugu; 80. orrialdean dago. Fantasiazko kontakizuna da, baina janari horren garrantzian sakontzen laguntzen digu.Gero, taldean hitz egingo dugu:

  • Kontakizuneko ogiak zer pentsatuko luke zure etxera joango balitz?

  • Errespetuz tratatzen duzuela, oso desiatua dela... esango luke? Zure etxean ere egunero eskerrak ematen dizkiozue Jainkoari janariengatik?

Jaunaren Hitza

Jesusek, guk bezala, ogiaren garrantzia ezagutzeaz gain, eta bere zerbitzua zein zen adierazteko, bere burua ogiarekin konparatu zuen eta harekin identifikatzen da.

Jesusek esan zuen:

-Nire Aitak ematen dizue zeruko egiazko ogia. Zeren Jainkoaren ogia, zerutik jaitsi eta munduari bizia ematen diona da.

Orduan eskatu zioten:

-Jauna , emaguzu beti ogi horretatik.

Jesusek erantzun zien:

-Neu naiz bizia ematen duen ogia; niregana hurbiltzen dena ez da, ez, sekula gose izango, eta niregan sinesten duena ez da behin ere egarri izango.

Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du. Eta nik ematen dudan ogia nire gorputza da, mundua bizi dadin emana.

Joan 6, 32-35.51

Gu bezala, Jesus esker oneko pertsona izan zen. Jainko Aitarekiko Jesusen esker ona agertzen digu Ebanjelioak.

“Eskerrak Zuri, Aita, entzun didazulako. Nik badakit beti entzuten didazula”

Joan 11,41-42a

84. orrialdean, eskerrak emateko egoerak errepasatzen laguntzen digun jarduera bat dago; haurrak beste batzuk gehitu behar ditu, esate baterako, Eukaristia.

85-88. orriadeetan:

- Mezan, Jainko Aitari gure eskariak aurkeztu ondoren, ogia eta ardoa aldare gainean jartzen dira. Era berean, une horretan dirua biltzen da. Janari eta diru horiek konpartitzen ditugun bezala, Jainkoari gure bizitza osoa konpartitu nahi dugula esaten ari gatzaizkio.

- Orduan Jainkoari eskerrak emateko unea heldu da, gure alde egin duen guztiagatik eskerrak ematekoa eta, batez ere, Jesus bere Semeagatik goresteko unea da.

- Jainkoa goresten dugu: Santu, Santu, Santua, diren guztien Jainko Jauna...

- Espiritu Santuaren indarrez, Jesus agertzen zaigu ogiaren eta ardoaren bidez.

- Komunioaren unera iritsi gara, Jesusekin bereziki bat egiteko unera, alegia. Jesusekin ez gara egiaz elkartzen, besteekin elkarturik ez bagaude.