02 Jesusen Eliza gara

Eliza Jainkoaren jarraitzaileen herria eta elkartea da. Bertan aurkitzen dugu Jesus bizirik eta bertan ospatzen ditugu sakramentuak, Jainkoaren bizitzaren zeinu eta iturri direnak. Elizan hazten gara fedean….. Eliza gure fede elkartea da.

Elizak bere maila desberdinak ditu ulertua izateko edo haren baitan bizi eta haren partaide izateko: Eliza unibertsala, hau da, mundu osoan barna hedatutako Jainkoaren herria; elizbarrutia; eta parrokia, hau da, fedea bizitzeko dugun elkarte hurbilena.

Parrokiatik abiatzen gara, bera baita kristau elkarterik hurbilena; baina ona da Elizaren ikuspegi hori zabaltzea, hasierako fasean bada ere. Horrela, Eliza parrokiatik haratago dagoen errealitatea dela ohartuko dira haurrak.

MEZUA

Jesusen deia entzun, hari jarraitu eta haren lagun izan nahi duten gizon-emakumeen elkartea edo herria da Eliza.

Gure parrokia kristau elkarte bat da. Bertan bizi dugu Jesusengan dugun fedea, beste kristau batzuekin batera.

HELBURUAK

  • Elizaren esanahi funtsezkoa eta lehena ulertzea: Jesusen jarraitzaileen elkartea dela, alegia.

  • Parrokia gure fedea bizitzeko elkartetzat hartzea eta elkarte horretako kide sentitzea.

Esperientzia

Denok bizi gara talde eta elkarteetan: hortxe ditugu familia, eskola, kirol elkartea, lagun taldea, parrokia,,, Helduak edo haurrak izan, denok gara talde/elkarte baten kide.

14 eta15. orrialdeetan esperientzia hori landuko dugu:

- Zer talde dira marrazkietan ageri direnak? Horrelako talderen baten kide gara?

- 14. orrialdeko zuriunean, haur bakoitzak zer talde dituen adieraziko du.

- 15. orrialdean bada koadro bat; bertan haurrak bere talde bat marraztuko du, irudietan ageri ez dena.

Jaunaren Hitza

Jesusek honela esan zien ikasleei:

“Aitak maite nauen bezala, halaxe maite zaituztet nik ere zuek… Zuek nire adiskide izango zarete, nik agintzen dizuedana egiten baduzue. Aurrerantzean… Zuei adiskide deitzen dizuet, nire Aitak jakinarazitako guztia adierazi baitizuet. Ez ninduzuen zuek ni aukeratu, nik zintuztedan zuek aukeratu. Eta eginkizun hau eman dizuet: edonon fruitu ugaria eta iraunkorra eman dezazuela. Hauxe agintzen dizuet: maita dezazuela elkar”

Joan 15, 9-17

Testua irakurri ondoren, buruz ikasi duten Jesusen esaldiren bar errepikatzen saia daitezela. Denen artean hitz egin, “Jesusen adiskide” izatearen esanahiaz batez ere. Jesusen lagunen taldekoa izatea da… Talde handia da: gizonak, emakumeak, haurrak, gazteak, gurasoak, zaharrak… Denok osatzen dugu Jesusen taldea, Eliza, alegia.

Barneratze eta sakontzea

a) Gu gara Jesusen Eliza, gaur egun. 19. orrialdeko esaldi horri erreparatuko diogu. Esaldia kolorez margotu daiteke etxean. Jesusengan sinesten dutenen elkartea da Eliza. Haurrek Elizaren esanahi hori barneratu behar dute.

b) 16 eta 17. orrialdeetan, zenbait jarduera iruditan eman dira. Hor adierazten dena egiten dugunean, Eliza garela esan dezakegu.

c) Gure parrokia kristau elkarte bat da. 18. orrialdean, kristau elkarte bateko jendea, haien jarduerak… ageri dira. Zertan ari diren esango dugu denen artean.

Gure parrokiaz zer dakiten galdetuko diegu: nor ezagutzen dute parrokian lan egiten dutenean artean?... Orrialdeko marrazkiei berriz begiratu: hori dena bada gure parrokian? Zer bai eta zer ez?...

Idatzi parrokian dauden taldeak.

“Parrokiaren fitxa” bete 19. orrialdean.