11 Usaindu eta dastatu

“Dastatu eta ikusi zein ona den Jauna”

Zaporeen, usainen, lurrinen munduan bizi gara. Oso laster ikasten dugu zaporeak eta usainak bereizten. Badira gustatzen zaizkigun zaporeak, eta badira gustatzen ez zaizkigunak. Badira erakartzen gaituzten usain eta lurrinak, eta badira nazka ematen digutenak. Eguneroko hizkera josia dago zapore eta usainei buruzko aipamenez: “ez zait gustatzen”, “gustatzen zait”, “honek ez du usain onik”. Pertsonak horrek “aurpegi gozoa” duela edota “gatzik gabea” dela…

MEZUA

Fedea ez da, berez, Jainkoari buruz gauzak jakitea; Jainkoa dastatzea da fedeak bere-berea duena, Jainkoaren esperientzia bizitzea. Behin eta berriz Bibliak Jainkoa ahogozatzera eta dastatzera dei egiten digu. Fededunarentzat Jainkoaren aginduak edo orientabideak ez dira mikatzak; ahogozagarriak dira. Jainkoaren maitasun eta samurtasunak barren-barreneraino sartzen den usain gozoaren antza du.

HELBURUAK

  • Jainkoaren ontasuna sentitzen, gozatzen, ikasi.

  • Egite onen usain gozoa geure inguruan zabaldu:etxean, eskolan, kalean.

Elkarrizketa

  1. Zergatik lurrintzen dugu gizakiok geure burua?

  2. Zergatik egiten ditugu keinu bitxiak gustukoak ez ditugun gauzekin?

  3. Zergatik gustatzen zaizkigu jendearen egite onak? Zergatik “gustuko” dugu jendea ondo portatzea?

Orain haurraren liburua zabaldu

  • Lau haurren buruak azaltzen dira 64 eta 65. orrialdeen aldamenetan. Buru bakoitzak kolore nabarmeneko ilea du. Honako esaldi hauek irakur daitezke 64. orrialdean: “Usain ona du. Zapore ona du”; eta hor ageri diren aurpegiak bat datoz esaldiekin, usain eta zapore onaren keinua eginez. Hurrengo orrialdean, 65.ean, beste hau irakur daiteke: “Usain txarra du. Zapore txarra du”; eta hor ageri diren aurpegiek usain eta zapore txarraren keinua egiten dute. Kolorezko marraz inguratuko dituzte haurrek bi orrialdeetan ageri diren usain oneko eta txarreko gauzak eta zapore oneko eta txarreko gauzak, eta hori egingo dute hor ageri diren lau buruen ile-kolorearen arabera; adibidez, usain txarra adierazten duenak ilea berdea badu, usain txarreko gauzak marra berdez inguratuko dira.

  • Etxean gerta daitezkeen egoerak ageri dira 66 eta 67. orrialdeetako irudietan. Usain eta zapore askotako gauzak daude etxean. Haurrek irudia aztertu eta era zehatzenean azalduko dute zer den hor ikusten dutena; izan ere, ezagunak izango dituzte hor ageri diren gauzen usainak eta zaporeak.

HITZIK ONENA

Jainko Aitaren maitasuna nabaritzen duenak ez dio Jainkoari beldurrik, gozoa eta maitagarria baita Jainkoa, eta erakarri egiten gaitu Haren usain atseginak, Jainkoa maite dutenek Haren etxean nahi dute bizi.

Salmoen esaldi batzuk entzungo ditugu.

“Jainkoaren hitzak eztia baino gozoagoak dira” (Sal 19,11)

“Gauza bakarra diot Jaunari eskatu, horixe bakarrik dut irrika: Jaunaren etxean bizi nadila bizitza guztian, Jaunaren gozotasunari begira” (Sal 27,4)

“Dasta eta ikus zein ona den Jauna” (Sal 34,8)

“Jainkoak ukenduz gantzutzen dit burua” (Sal 23,5)

“Jainkoak, zure Jainkoak, gantzutu zaitu jai-giro pozgarrian” (Sal 45,8)

Haur bakoitzaren eskuetan katekistak lurrin apurtxo bat ipiniko du. Jainkoak digun maitasunaren adierazpen sinbolikoa edo irudizkoa da. Guk geuk ere gure ingurua toki atseginagoa egiten dugu maitagarriak, alaiak, arduratsuak eta harrera onekoak izaten garenean.