06 Jesusek jaten ematen dio jendeari

Jesus, jendearen beharrizanaren aurrean, arduratu egiten dela ikusarazi nahi diegu umeei, baita Jesusek, egoera zail hura konpontzeko, ikasleei laguntza eskatu ziela ere.

Haurrengan nahiko arrunta da beren jabegotzat dutena beste batzuen artean banatzeko gogorik ez izatea. Baina, aldi berean, sentiberak dira besteen gabezia eta beharrizanen aurrean. Jesusen jarrera berenganatzeko eskatuko diegu, daukaten guztia anai-arreben artean banatuz.

MEZUA

Jesusek jendearen beharrei erantzuten die eta Bere antzera jokatzeko deia luzatzen digu.

HELBURUA

· Hainbeste laguni jaten ematen dion Jesusen jarrera eta ahalmena miretsi.

· Jesusen gonbidapenari jarraituz elkarbanatzearen poza bizi.

Ebanjelioetako kontakizuna

Txalupatik jaitsi zenean, jendetza handia ikusi zuen Jesusek. Errukitu egin zitzaien, artzain gabeko ardiak bezala baitzebiltzan, eta irakasten hasi zitzaien luze eta zabal.

Berandutu zuelarik, ikasleek hurbildu eta esan zioten:

-Toki hau oso urruti dago eta berandu da. Bidal itzazu, inguruko baserri eta auzoetara joan eta jatekoa eros dezaten.

Jesusek erantzun zien:

-Eman zeuek jaten.

Haiek orduan:

-Berrehun denarioren ogia erostera joango ote gara, bada, hauei jaten emateko?

Baina Jesusek esan zien:

-Zenbat ogi dituzue? Ea, ikusi.

Begiratu eta erantzun zioten:

-Bost ogi, eta bi arrain ere bai.

Orduan, jende guztia zelaian taldeka eserarazteko agindu zien. Berrogeita hamarnaka eta ehunaka eseri ziren. Hartu zituen Jesusek bost ogiak eta bi arrainak eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazioa esan, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, eta hauek jendeari eskaini. Bi arrainak ere guztien artean banatu zituen.

Asetzeraino jan zuten denek, eta gelditutako ogi –eta arrain- hondarrez hamabi saski bete zituzten. Bost mila gizon izan ziren jan zutenak”. Markos 6, 34

Elkarrizketa

- Non zegoen Jesus lagun haiekin? Zer egiten ziharduen?

- Zer esaten diote Jesusi ikasleek?

- Zer erantzuten die Jesusek?

- Zenbat ogi eta arrain zeukaten? Zenbat lagunek jan zuen?

- Zenbat hondar bildu zuten?

Koadernoko ariketak

· 43. orrialdean hiru bineta daude koloreztatzeko eta laugarrena osatu eta koloreztatzeko. Aurretik katekistak aurkezten duen istorioa entzungo dute.

- Pedro oso pozik dago; bere osaba Luis etorri da eta jostailuz betetako kutxa bat ekarri dio: kolore distiratsuak dituzten kotxeak eta margoak eta gomazko pilotak (1. bineta)

- Kalera irten eta jolasteko gogoa du, baina beste haurrek ez dute kotxerik jolasteko (2. bineta)

- Pedro haserretu egiten da, ezin du-eta bere kotxe berriekin jolastu (3. bineta).

- Zer egin dezake Pedrok? 1. Etxera joan daiteke bakar-bakarrik, bere jostailuekin eta adiskiderik gabe. 2. Bere kotxeetako bat lagunen bati utz diezaioke eta horrela elkarrekin jolastu.

(Marraztu 4. binetan zuk zer egingo zenukeen)

Eskerrak Aita Jainkoa gutaz arduratzen zarelako

Aita Jainkoa, irakats iezadazu daukadana banatzen.