Tektonika globala edo plaken tektonika da Lurraren historia edo Lurreko prozesu geologikoak azaltzen dituen teoria. Teoria horrek proposatzen duenaren arabera, nukleoko biltegi termikoak mantua berotzen du, eta horren ondorioz, konbekzio-korronteak sortzen dira; alegia, material beroek gora egiten dute, eta hotzek, berriz, behera. Agitazio termiko hori dela-eta, litosfera mugitu egiten da eta plakatan hausten da.
5.1. Litosfera higitzen ari da
Plakak dortsal ozeanikoetan edo plaka-ertz eraikitzaileetan sortzen dira, eta dortsaletan, hondo ozeanikoa hedatzeko fenomenoa gertatzen da. Ozeano Atlantikoa 30 metro zabalagoa da orain Kolonek zeharkatu zuenean baino.
Beste leku batzuetan, plakek elkar jo eta orogenoak (mendikateak) sortzen dituzte, bai ertz kontinentalekoak (esaterako,Andeak) bai intrakontinentalak (adibidez, Himalaia). Leku horietan, litosfera ozeanikoa mantuan sartzen da, subdukzio izeneko prozesuaren bidez.
Plaka litosferikoak higitzean, kontinenteak ere higi daitezke (kontinenteen jitoa), eta superkontinenteak osatu, edo bereizi, ozeanoak lotzen dituzten komunikazio berriak sortzen direlako.
5.2. Erliebea nola sortzen den eta nola suntsitzen den
Litosferaren dinamikaren ondorio da erliebea. Plaken subdukzioak eta talkek eragin termiko eta mekaniko handiak dituzte; beraz, orogenoak deformazio handi-handiko lekuak dira, eta hori dela-eta, erliebe malkartsuak sorzten dira.
Lurrazal kontinentalak dentsitate txikia du. Beraz, orogenoen azpian haren lodiera handitzen denean, flotagailu baten modura dihardu: mendikateak gora egiten du, eta higatu egiten da. Menditik higatutako materialak gehitzean, lurrazala altxatu egiten da, lodiera normala izan arte. Behin flotagailua desagertuta, orogenoa ez da gehiago altxatzen eta higadurak lautu egiten du: kontinenteak laututako orogeno zaharrez (kratoiak) osatuta daude. Haietan daude Lurreko harririk zaharrenak.
Lurrazala pixkanaka higatzen denez, erliebea suntsitu egiten da. Orogenoak gora egiteari uzten dio, eta higadurak lautu egiten du; horregatik kontinente zaharrak oso lauak dira.
Higadura-jarduera hori etengabea da, baina, dena den, planetaren barne-dinamikak erliebe berriak sortzen ditu. Barne-energia dagoen bitartean, konbekzioa gertatuko da, eta, beraz, erliebe berriak sortuko dira.