3. Wegener: kontinenteak higitzen ari dira

3.1. Wegenerren teoria: kontinenteen jitoa

1915ean Alfred Wegenerrek teoria iraultzailea aurkeztu zuen eta honek zioen kontinenteak pixkanaka higitu zirela egungo posizioetara. Wegenerrek ez zuen inoiz kontinenteen jitoa adierazpidea erabili; izan ere, haren liburua ingelesera itzuli zutenek asmatu zuten.

Geologo gehienek uko egin zioten hipotesiari. 50 urte geroago, berriz, kontinenteen lekualdaketak (horrelaxe deitu zien Wegenerrek) hartu zituzten aintzat geologoek.

Wegenerrek froga ugari eman zituen bere teoriaren alde (geografikoak, paleontologikoak, tektonikoak eta paleoklimatikoak), baina ezin izan zuen azaldu kontinenteak zer mekanismoren bidez higitzen ziren. Hau proposatu zuen: Ilargiak Lurrari eragiten dion grabitazio-eremuaren indarrak, itsasaldiez gain, kontinenteen jitoa ere eragiten zuela eta kontinenteek lurrazala zeharkatzen zutela.

Egun badakigu argudio horiek okerrak zirela, baina plaka-tektonikoaren teoria iraultzailearen oinarriak finkatu zituen; teoria horrek Lurraren dinamika azaltzen du, maila globalean.

Kontinenteen jitoa Wegenerren arabera

3.2. Kontinenteen jitoen frogak

Froga geografikoak

Kontinenteen kostaldeen formak bat zetozela ohartu zen Wegener (batez ere, Amerikarenak eta Afrikarenak), eta beraz, susmatu zuen kontinenteak iraganean bat eginda zeudela

Froga paleontologikoak

Zenbait organismo berdinen fosilak aurkitu dituzte egun elkarrengandik milaka kilometrora dauden lekuetan; hala nola, Antartikan,Hego Amerikan, Afrikan,Indian eta Australian. Ikerketa paleontologikoek adierazten dute Historiaurreko organismo horiek ez zirela gai gaur egun kontinente horiek bereizten dituzten ozeanoak zeharkatzeko. Horrenbestez, garai batean kontinenteak bat eginda zeuden.

Froga geologikoak eta tektonikoak

Kontinenteak bat egiten baditugu, ikusiko dugu harri motek, harrien kronologiak eta mendikate nagusiek nolabaiteko segida dutela.

Froga paleoklimatikoak

Lurreko zenbait lekutako klima ez zela iraganean izandakoa. Egun klima tropikala eta subtropikala duten eskualdeak hegoalderago zeuden iraganean, eta askoz klima hotzago zuten (adibidez, India eta Australia, izotzez beteta egon ziren) eta garai hartan, Amerikako eta Europako iparraldea baso epelez josita zegoen.