01. Zerez dago osatuta Unibertsoa?

Unibertsoa espazio huts handi bat da, eta milioika gorputz daude bertan. Gorputz batzuk begi hutsez ikus daitezke, baina beste batzuk teleskopio bidez baino ezin ditzakegu ikusi. Horrez gain, Unibertsoko materia mota bat ezin dezakegu ikusi: materia iluna izenekoa.

1.1.Unibertso ikusgarria

Unibertsoa espazio hutsa da, eta bertan, milaka milioi galaxia dabiltza flotatzen. Galaxia bakoitzean, milaka milioi izar,planeta eta nebulosa daude. Nebulosak gas-lainoz eta partikula solidoz osatuta daude; osagai horiei hauts esaten diegu.

Kosmos ikusgarri hori elementu kimikoen nahastea da: %75 hidrogenoz, %20 helioz eta gainerako %5a beste elementu batzuez osatuta dago.

1.2.Materia iluna

Gaur egun, ia astronomo guztiek onartzen dute galaxiak,izarrak eta planetak Unibertsoko materia guztiaren parte txiki bat direla; hau da, materiaren %10 inguru. Ez dakigu gainerako %90ak zer osaera eta propietate dituen. Erradiaziorik igortzen ez duenez, materia iluna esaten diogu.

Galaxien artean grabitazio-erakarpena dagoelako egiten dute talka galaxiek, eta, talka egitean, inguruko gasa berotzen dute (kolore gorria).

Hala ere, eremu urdinean dago materia ikusgai gehien (puntu zuriak). Begien bidez ikusten ez dugun zerbaitek gerturatzen ditu galaxiak. Grabitate bidez galaxiak gerturatzen dituen materia ikusezin horri materia iluna deritzo. Hau da, materia iluna erradiazio elektromagnetikorik igortzen ez duen materia da.

Nola dakigu zer elementuz dauden osatuta izarrak?

22 urte zituela, Isaac Newton (1642-1727) konturatu zen Eguzkiaren argia kolore askotan deskonposatzen zela,kristalezko prisma batean zehar igarotzen bazen. Ostadar horri argi-espektroa deritzo.

Teknika hobetzean, lerro beltz batzuk ikusi zituzten espektroan. Zer esan nahi du horrek guztiak?

Eguzkia da gugandik gertuen dagoen izarra, eta bere argiaren espektroak erakusten digu zer elementuz osatuta dagoen.

Laborategian, hidrogenoz eta helioz betetako ontzietan zehar pasarazten badugu argi zuria, argia osatzen duten zenbait kolore xurgatu egiten dituzte hidrogenoak eta helioak, eta xurgatze-espektroak lortzen dira.

Eguzkiaren espektroko lerro beltzak hidrogenoaren eta helioaren espektroko lerro beltzekin konparatzen baditugu, ikusiko dugu Eguzkiaren kanpoko geruzak hidrogenoz eta helioz osatuta daudela,funtsean. Prozedura horren bidez jakin dezakegu zer elementuz eta zer konposatu kimikoz dauden osatuta izarrak eta galaxiak.