Tigrea

Tigrea Felidae familiako animalia ugaztun haragijalea da. Hizkera arruntean katu handi deritzen taldeko kideetako bat. Asiako ekialdean eta hegoaldean bizi da jatorriz. Alfa harraparia eta derrigorrezko haragijalea da. 4 metroko luzera izan dezake eta 300 kilogramo arteko pisua; tigre azpiespezierik handienak inoiz izan diren felido handienak dira. Beren pisua eta botereaz gain, beren ezaugarririk ezagunena azal gorri-laranjan dituzten marra bertikal ilunak dira. Tigre azpiespezierik handiena Siberiako tigrea zela pentsatu izan da gaur egunera arte, baina egungo datuek Bengalako tigrea azpiespezierik handiena izan daitekeela iradokitzen dute, biek antzeko pisua izan dezaketela aintzat hartuta. .

Oso moldakorrak izanik, tigreak ingurune askotan bizi daitezke, Siberiako taigan belardi zabaletan zein mangladi tropikaletan. Lurraldekoiak eta gehienetan bakartiak dira, eta lurralde-azalera handiak behar dituzte beren harrapakin-eskakizunak betetzeko. Honi lotzen bazaio giza populaziorik handienak dituzten munduko zenbait tokitan bizi direla, erraz ulertzen da gizakiekin dituzten gatazkak. Tigre modernoaren bederatzi azpiespezieetatik hiru iraungi egin dira eta beste seiak iraungitzeko arriskuan daude. Arriskuaren lehen zergatia beren habitataren suntsiketa eta zatikatzea da, eta ondoren ehiza.

Tigrea munduko megafaunako espezierik karismatikoenetakoa eta ezagunenetakoa da. Antzinako mitologian eta folklorean leku nabarmena bete du, eta oraindik ere film eta literatura modernoan askotan aipatzen da. Tigrea armarri eta bandera askotan ageri da, bai eta kirol talde zenbaiten maskota gisa eta Asiako herrialde batzuetako animalia nazional gisa ere.