Piraña

Piraña ur gezatan bizi den arrain haragijale obiparoa da.

Gorputza arrautza egiturakoa dute, sendoa eta alboetatik zapal samarra. Aho txikia dute, baina baraila indartsuak eta hortz zorrotzak dituzte (amerindiarrek gezien puntan jartzeko erabiltzen dituzte). Bizkarrean bi hegal dituzte, bata garaia eta lodi samarra, aurrekoa, eta bestea txikia. Uzki-hegala gorputzaren erdialdetik isatseraino luzatua dute. Kolorez berde urdinxkak, horixkak edo beltzak izan daitezke. Bereziki, Amazonasen, Orinokon, Paraguain eta Guyanetan bizi dira. Orobat, Peruneta Bolivian bizi dira.

Oso arrain taldezaleak dira, eta neurriz txiki samarrak diren arren, edozein harrapakini (zaldiari, behiari, gizakiari) erasotzen diote, eta oso denbora laburrean hezur hutsean uzten dute. Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako ibaietan bizi dira, Orinoko eta Amazonas ibaietan batez ere. Piraña motarik ezagunenak Serrasalmus rhombeus eta Serrasalmus nattereri dira. Azken hori 50 cm luze egin daiteke eta 3,9 kilotarainoko pisua izan dezake. Bera da beldurgarriena. Hala ere, eskuarki, pirañen luzera 15 eta 25 cm artekoa izaten da.