Pauma (Pavo cristatus) faisaien familiako hegazti obiparo handi eta kolore bizikoa da. Jatorriz Asia Hegoaldekoa baina ia mundu osoan erdi-etxekotua. Pavo generoko bi espezietako bat da, pauma berdearekin batera.
Orojalea da: haziak, fruituak, intsektuak, sugeak, igelak, saguak eta harrak.
Moko sendo batez hornitua, burua luma urdinez estalia du eta lumazko motots edo gandor ikusgarria du. Begi inguruan, marra zuri bat du.
2,2 metro luze izatera eta 5 kg pisatzera irits daiteke. Lumajea urdin irisatua du, distira berdekoa, lurraldea babesteko erabiltzen duena. Baina batez ere, emea erakartzeko erabiltzen du estaltze garaian. 2 m luze izan daitezkeen estal-lumakditu, hedatu eta tentetzean haizemaile itxura ikusgarria hartzen dutenak. Lumok begien antzeko itxurak dituzte muturretan, kolore urdin, berde eta urrekarak.
Emea 1 m luze eta 3 kg pisua besterik ez izatera irits daiteke. Lumak arreak eta errauskarak ditu, lepoa zuria eta distira berdekarak bularrean. Lumazko mototsa txikia da, kafe kolorekoa.
Estaltze garaiaren ondoren, uztail inguruan, emeak arrautza bat, bi edo hiru erruten ditu, urteko emankortasunaren arabera. Habia, lur hondartsuan eginiko zuloa da, landarez estali gabea. Txitatzeak 28 egun irauten ditu, emea ia bertatik mugitzen ez den garaia.