Elefanteak Elephantidae familiako ugaztun lurtar handiak dira. Familia honetako hiru espezie bizi da egun: sabanako elefante afrikarra, oihaneko elefante afrikarra eta elefante asiarra (edo elefante indiarra). Gainerako espezieak, mamuta barne, iraungi egin ziren azken glaziazioaren ondoren.
Elefanteak lurreko animaliarik handienak dira. Beren ernaldia 22 hilabetekoa da, animalia lurtarren artean luzeena.
Jaiotzean elefantekumeek 120 kg inguru eduki ohi ditu. Normalean 50 eta 70 urte artean bizi dira, baina inoiz ezagutu den elefanterik zaharrena 82 urtez bizi izan zen. Bestalde, inoiz ikusitako elefanterik handiena Angolan ehizatu zen 1956an: 11.000 kg pisatu zituen eta 3,96 m neurtu zituen. Elefanterik txikienak, berriz, Kreta uhartean Pleistozenoan bizi zen espezie batekoak izan ziren.
Elefanteak belarjaleak dira.