Sugeak hankarik gabeko narrasti haragijaleak dira. Narrasti guztiak bezala, obiparoak dira. Hankarik gabeko sugandiletatik bereizten dira ez dutelako betazalik ez eta kanpo belarririk. Squamata guztiak bezala Vertebrata ektotermiko amniotak dira eta ezkatak dituzte. Sugandilek bezala burezurrek ez dute artikulazio sendorik eta euren burua baino handiagoak diren animaliak jan ditzakete. Euren gorputz estuak izan ahal izateko binaka dituzten organoak (adibidez giltzurrunak) bata aurrean eta bestea atzean dituzte. Gehienek birika funtzional bakarra dute. Espezie batzuek aldaka bestigial bat dute, kloakaren bi aldeetan.
Antartikan ezik beste kontinente guztietan aurki daitezke sugeak. Gaur egun 15 familia ezagutzen dira, 456 genero eta 2.900 espezierekin. Era guztietako tamainak dituzte, oso txikitik (10 cm) oso handira (8metroko anakondak eta pitoiak). Pisua ere oso ezberdina izan daiteke, pisutsuena Anakonda izanik, 45-180 kg arteko pisua duena.
Espezie gehienak ez dira pozoitsuak eta pozoia dutenek batez ere hiltzeko erabiltzen dute, autodefentsarako baino gehiago. Espezie batzuek duten pozoia nahikoa indartsua da gizakiak hiltzeko.