Gorila bizirik dagoen primate motarik handiena da, gaur egun Erdialdeko Afrikako oihanetan hedatzen dena. Bi espezietan eta 4 azpiespezietan (espezie bakoitzak bina azpiespezie) banatuta daude.
Oso handia da: 1,80 m inguru luze eta 200 kg izatera hel daiteke. Besoak hankak baino luzeagoak ditu eta sudurra motza eta zapala. Lepo labur-gihartsua du, bularra sendoa eta besoak eta hankak oso trinkoak.
Emea 250-270 egun egoten da haurdun eta ume bakarra egiten du ernaldiko. Bi gorila mota bereizten dira: mendebaldeko gorila eta ekialdeko gorila .
Gorilak, belarjaleak dira ia gehienetan eta fruituak, hostoak, sustraiak e.a. jaten dituzte. Baina intsektuak ere jaten dituzte, neurri txikiago batean bada ere.